Quantcast
Channel: Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza - Berriak
Viewing all 722 articles
Browse latest View live

Euskadin beharrezkoa da lurralde osoan hornidura eta saneamendu kudeaketa profesionala zabaltzea, etorkizunean, hiriko hondakin-uraren arazketari buruzko zuzentarauaren urraketarik ez emateko

$
0
0

Euskadin beharrezkoa da EAEko hiri-aglomerazio guztietan hornidura eta saneamendu kudeaketa profesionala zabaltzea,  etorkizunean hiriko hondakin-uraren arazketari buruzko zuzentarauaren urraketarik ez emateko. Aste honetan Espainiak isuna jaso du 15.000 biztanle baliokidetik gorako 17 aglomeraziotan zuzentaraua era errepikakorrean ez betetzeagatik; isuna: 12 milioi euro orain arte aintzat ez hartzeagatik, eta 10,9 milioi euro seihilabeteko akatsak zuzendu arte.

Euskadiko hiri-aglomerazioek oraindik zehapenik jaso ez badute ere, Europar Batasunak dagoeneko Euskadiko aglomerazioak barne hartzen dituzten bi prozedura hasi ditu saneamenduari buruzko 91/271 Zuzentaraua ez betetzeagatik; oraindik, Euskadin ere, ibilguetara tratatu gabeko isurketak ematen direlako eta informazio hori URAk jakinarazten du.

Euskadiko 2.000 biztanle baliokidetik gorako 44 hiri-aglomerazioetatik gehienak dagoeneko badute kolektore sarea eta lurralde-araztegia hondakin-urak ondo tratatu ahal izateko. Hala ere, aglomerazio batzuetan oraindik ez zaie hirietako hondakin-urei (etxekoei zein industriakoei) tratamendu egokia ematen.

Hori da, adibidez Busturialdea-Gernika, Oion edo Aguraineko aglomerazioen kasua, bertan URAk saneamendu lanak aurrera daramatza toki-administrazioa laguntzen (49, 3,8 eta 8 milio euroko inbertsioa, hurrenez hurren); eta Laudio-Amurrioko aglomerazioan Ministerioak konprometitutako kolektore eta araztegiak egingo ditu.

Kasu horietan, beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeaz gain, beharrezkoa da kudeaketa ereduan ahalmen tekniko eta ekonomiko nahikoa bermatzea,  gaur eta etorkizunera begira, uraren hiri-zikloaren zerbitzu osoa eskaini ahal izateko. Zerbitzu horrek zaindu beharko ditu: kolektorera doazen isurketak, hondakin-ur guztiak era egokian jasotzea, ingurunera heltzen diren isurketak ahal bezain gehien murriztea, araztegiaren funtzionamendu eraginkorra, azpiegituraren mantentzea eta zerbitzatzen duen populazioaren aglomerazioaren gaurko eta etorkizuneko beharrei moldatzea.

Horri guztiari dagokionez, Busturialdeak jakitera eman du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartuko dela, uraren hiri-zikloa kudeatzeko bermatutako ahalmen tekniko eta ekonomikoa azaldu duen erakundea. Halaber, Oioneko araztegia Arabako Errioxako Urkidetzaren eskuetan jarriko da eta Aguraingoa Arabako Foru Aldundiak sustatutako uraren erakunde kudeatzaile berri batek kudeatuko du.

Laudio eta Amurrioren kasuan (Euskadin kolektore sarerik edota araztegirik gabeko hiri-aglomeraziorik garrantzitsuenak) gaur egungo sakabanaketa egoera gainditu beharko dute — administrazio asko saneamendu zerbitzua eskaintzeko, errendimendu eskaseko arazketa sistemak— eta Aiaraldeako Uraren hiri-zerbitzuetan antolaketa eraginkor bat lortzeko urratsak eman, sistemak elkarlotu eta era bateratuan kudeatzea ahalbidetzeko.

Donostialdea eta Irun-Hondarribiako aglomerazioen kasuan, teknikoki eta ekonomikoki fidagarria den kudeaketa izanda ere, zuzentaraua urratu daiteke erakunde horien eskuetan utzitako azpiegiturak eraikitzeko orduan diseinuan izandako hutsuneengatik. Egoera horren aurrean inbertsioak beharko dira gaur egun dauden arazketa azpiegiturak moldatu ahal izateko.

Hiri aglomerazio horietan behar diren azpiegiturak eraikitzeko beharraren eta Europar Batasunak 91/271 zuzentaraua ez betetzeagatik ireki dituen prozeduren aurrean,  premiazkoa da zerbitzuaren antolaketari buruzko erabakiak hartzea erantzukizuna, eraginkortasuna eta jasangarritasuna ardatz izanda.

Horren harira URAk legealdi honetan onartuko du Hornidura eta Saneamendu Zerbitzuen Esparru-erregelamendua; bertan, EAEn Uraren ziklo osoa kudeatzen duten erakundeek betebeharreko oinarri tekniko eta ekonomikoak ezarriko dira,  ekonomikoki eta teknikoki fidagarriak eta jasangarriak direla bermatzeko, eta kudeaketa horretaz eskaini beharreko informazioa ezagutarazteko (mantentzea, inbertsioak, amortizazioak, zerbitzuaren kostua berreskuratzea…).

Halaber, erregelamenduaren helburua da hiri aglomerazioetan uraren hiri zikloaren kudeaketaz informazioa biltzea, jendartean ezagutarazteko eta horren bitartez tresna bat izateko diru publikoa era egokienean inbertitzeko (erakunde kudeatzaileak laguntzeko) kudeaketan egiaztatutako kalitatearen arabera.


Alokairuko parke publikoko etxebizitzen energia-kontsumoa ahalik eta txikiena izateko plan bat aurkeztu du Arriola sailburuak

$
0
0
  • Ekimen honen bidez jarduketak burutuko dira 7.000 etxebizitza baino gehiago hartzen dituzten 137 bloketan
  • Lehen aldiz bildu da Lakuan ekimenaren pilotaje-taldea, Etxebizitza Sailaren, enpresen, klusterren eta zientzia eta teknologiako eragileen partaidetzarekin
  • Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du Arriola sailburuak eta baita proiektuaren hedadura berritzailea ere, bere helburua baita orain dagoen alokairuko parke publikoa jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik kudeatzea

Asmo handiko plan bat jarri du abian Etxebizitza Sailak alokairuko etxebizitzen parke publikoko eraginkortasun energetikoa hobetzeko, eta epe ertainean oraingo eraikinetan ia energia-kontsumorik ez izatea lortzeko. Plan honek Euskadi osoko 7.000 etxebizitza baino gehiago ‒tipologia anitzekoak eta antzinatasun desberdinetakoak‒ hartzen dituzten 137 eraikinetan burutuko diren jarduketak biltzen ditu. Guztiak kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzako Alokabide - Alokairu Sozietate Publikoak.

Hain erronka konplexuari aurre egiteko pilotaje-talde bat eratu da, Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritza eta Alokabide buru direla. Hala, bilera bat egin dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren lehendakaritzapean. Enpresek, klusterrek eta zientzia eta teknologiako eragileek parte hartzen dute taldean, besteren artean, Etxebizitzako Klusterrak, Eraikunek, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Saileko Eraikuntzaren Kalitate Kontroleko Laborategiak, eta enpresa teknologikoek ‒Wintel, Efiner Servicios Energéticos, Idom edo Tecnalia, besteak beste‒.

Arriola sailburuak lankidetza publiko-pribatua eta proiektuaren hedadura berritzailea nabarmendu ditu, eta adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean barne hartuta (ZTBP) eta analisirako lehen fase honetarako, 1,3 milioi euroko aurrekontua du 2020ra arte.

Parke eraiki publikoaren energia-kontsumoa murriztea da ekimenaren helburu nagusia, orain dauden etxebizitzak nZEB (nearly Zero Energy Building/Ia Energia Kontsumori Gabeko Eraikinak) estandarreko eraikin bihur daitezen, energia-eskaria murriztuz, energia berriztagarrien erabilera handituz eta atmosferara botatzen diren karbono-dioxidoaren isuriak gutxituz. Gainera, parke publikoa nZEB parke bilakatzeko helburuak beste balio batzuk dakartza berekin, horien artean, erabiltzaileen konfort termikoaren baldintzak hobetzea eta baita etxebizitzetako bizigarritasun-baldintzak ere, irisgarritasunari eta pobrezia energetikoa arintzeari dagokienez, bereziki.

Birgaitze energetikoaren ondorioz eskaria murrizteak ondorioak izango ditu ingurumenean ere, energia-kontsumoari lotutako isuriak gutxitu egiten baitira.

Plan hau Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Energia Iraunkortasunari buruzko ekimenaren barruan sartzen da. Ekimen hori 2015ean onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak eta bere helburua da energia-kontsumoa %12 murriztea 2020rako eta % 25 2025erako, eta bertako eraikinen % 32tan 2020an eta % 40tan 2025ean energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak izatea.

Etxebizitza Sailaren menpeko pisuei dagokienez, eta Alokabidek erabiltzen dituen eraginkortasun energetikoaren adierazleen arabera, % 3k bakarrik dute A kalifikazioa, % 7k B kalifikazioa eta % 14k C kalifikazioa. Etxebizitza gehienek, % 54k, D kalifikazio energetikoa dute, % 21ek E kalifikazioa eta % 1ek F kalifikazioa.

Azterlan sakon bat egin beharra dago eraikin bakoitzaren premiak zehazteko, bai eta kasu bakoitzean egin behar izango diren jarduketak ere: inguratzailea hobetzea, galdarak eraginkorragoak izatea, energia berriztagarriak sortzeko sistemak gehitzea (eguzki-termikoa, fotovoltaikoa…), parke publikoak A kalifikazio energetikoa lor dezan, eta gutxienez etxebizitzen %70ek energia berriztagarriak erabil ditzaten.

Metodologia

Eraikinen tipologien aniztasuna, antzinatasuna eta bakoitzari buruz eskuragarri dagoen dokumentazioa ezinbesteko datuak dira xehetasunezko Birgaitze Plan bat diseinatzeko garaian; izan ere, erronka bat adierazten dute eragile desberdinen antolamenduari, teknologiari eta koordinazioari begira. Plan honek bi euskarri ditu.

Lehena berrikuntza teknologikoarekin dago lotuta eta erabateko salto kualitatiboa izango da alokairu sozialaren kudeaketan, datuak eskuz bildu eta kontrolatu ohi baitira.

Lehen fase batean, eta Unibertsitatearekin lankidetzan, Eraikien Kalitate Kontroleko Laborategiak eta sektoreko enpresek eraikin guztien karakterizazio bat egingo dute kudeatutako parkean. Hala, tipologia arkitektonikoak eta analisi energetikoak zehaztu eta kontsumoak monitorizatuko dituzte erabiltzaile-profil desberdinak definitzeko. Zentzu horretan, dagoeneko egin da Amurrio, Ortuella eta Donostiako hiru eraikinen karakterizazioa, eta hemendik gutxira 400 etxebizitza hartzen dituzten beste hainbat blokeren xehetasunezko analisi bat egingo da Gasteizen, Bilbon eta Donostian.

Gainera, eraikinen jagoletza, kontrol eta kudeaketa energetikorako plataforma bat ezarriko da, digitalki modelatuko dira eraikinak euren kudeaketa integrala lortzeko, eta simulatu egingo dira, programazio informatikoko tresnen bitartez, birgaitze energetikoko aukera desberdinak, birgaitze-estrategia optimo bat diseinatzeko aukera emango duten tipologien arabera.

Bigarren euskarriak maizterrekiko berrikuntza sozialarekin du zerikusia. Horri dagokionez, pobrezia energetikoko benetako egoerak identifikatuko dira, eta baita irisgarritasun-arazoak ere, haiei arreta integrala emateko. Gainera, sentsibilizazio-zereginak beteko dira maizterren artean beren etxeetan energiaren erabilera eraginkorra bultzatzeko eta kontsumoa murrizteko.

Arriola sailburuak nabarmendu duenez, lehen aldiz erabiliko dira berrikuntzaren eta zero kontsumoaren irizpideak etxebizitza-parke baten eguneroko mantentze-lanetan. “Ekimen honek–gaineratu du– proiektu pilotu isolatuen bitartez aurrera eramandako berrikuntza-eskematik irtetea adierazten du, eta birgaitze-lanetan eskala handiko makro aldagaia barneratzea. Ez baita gauza bera esperientzia puntualak aurrera eramatea, eta parke osoari ekitea.Horrek alokairuko parke publikoaren kudeaketa-eredu berri bat dakar berekin, jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetiko gorenaren ikuspegitik begiratuta”.

VISESArako ekpo funtzioaniztunak errentamendu-araubidean hornitzeko kontratua esleitzeko lizitazioan formula bidezko irizpide balioztagarrien gutun-azala irekitzea

$
0
0

VISESArako ekpo funtzioaniztunak errentamendu-araubidean hornitzeko kontratua esleitzeko lizitazioan formula bidezko irizpide balioztagarrien gutun-azala irekitzea

Hitzarmena Zarauzko Udalarekin Azken Portun alokairu sozialeko 25 etxebizitza eraikitzeko (Gobernu Bilera 2018-07-30)

$
0
0

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Zarauzko Udalaren artean hitzarmen bat sinatzea onetsi du Gobernu Kontseiluak, Gipuzkoako herri horretan, Azken Portu 7 eremuan zehazki, alokairu sozialeko 25 etxebizitza eraikitzeko.                                              

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren helburuen artean dago babes publikoko etxebizitzak eraikitzea, errenta-ahalmen urria duten eta merkatu arrunterako sarbiderik ez duten familientzat, ziurtatu diren etxebizitza-premiak dituzten udalerrietan, Zarautzen, besteren artean.

Zarauzko Udalak konpromisoa hartu du 1.860 m2-ko azalerako partzela dohainik lagatzeko eta hirigintza-plangintzan behar diren aldaketak egiteko, adostutako eraikuntzari ekin diezaioten. Bere aldetik, Etxebizitza Sailak beregain hartu du eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak egiteko betebeharra, eta baita obren exekuzioa ere, lau urteko epean.

650.000 euro enpresei eta profesionalei zuzendutako laguntzetan proiektu berritzaileak lantzeko hirien eraberritze integralerako jarduketetan - “hiriko habitata” (Gobernu Bilera 2018-07-30)

$
0
0

Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren Agindua onetsi du Gobernu Kontseiluak. Agindu horren bitartez, diru-laguntzen deialdi bat egiten da, pertsona fisikoei, enpresei edo enpresa-elkarteei zuzendua, hiriak eraberritzeko eremuan proiektu berritzaileak landu ditzaten. Proiektuek alderdi hauetara bideratuta egon behar dute:

  • Premia teknologikoak eta materialak identifikatzea eta haiei lehentasuna ematea.
  • Ekonomiaren garapenean (ikaskuntza, prestakuntza, enplegua eta abar) oinarritutako proposamenak identifikatzea eta garatzea.
  • Gizartearen partaidetza- eta berrikuntza-mekanismo eta finantzaketa-mekanismo berritzaileak diseinatzea, garatzea eta gauzatzea.
  • Nazioarteko benchmarking azterlanak formulatzea eta garatzea, eta proiektu espezifiko gisa Europako Batzordearen deialdietan aurkeztu ahal izango diren proposamenak formulatzea.

Deialdiaren guztizko aurrekontua 650.000 eurokoa da, eta 2018, 2019 eta 2020. urteetarako banatuko da.

I+G+b-an egiten diren ekarpenak Euskal Hiri Agenda garatzera bideratzea da agindu honen asmoa, merkatuaren eta gizartearen eskarira bideratutako ikerketa eta zientziak eta teknologiak bultzatutako ikerketa bateratzea bultzatuz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planean (ZTBP) eta Espezializazio Adimendunaren Estrategian (RIS3) ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirien eraberritze integralaren inguruko I+G+b proiektuen garapenak, Euskadiren berehalako eta etorkizuneko erronkei aurre egin eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, enpresa berriak eta enplegu berriak sortzeko aukera emango du. BAI+G+b programaren helburua, beraz, ondoko ekarpenak egiten dituzten proiektuak sendotzea da:

  • Hirien eraberritzeari ikuspegi integral bat ematen diotenak, gizartean, ekonomian eta ingurumenean berrikuntza-elementuak barnean hartuz.
  • Alderdi hauek gehitzea sustatzen dutenak: digitalizazioa, auzo kalteberen eraldaketa, zahartze aktiborako soluzioen, ekitatearen, kulturaren… sustapena.
  • Auzoen berehalako premiei erantzungo dieten soluzioak, etorkizunean antzeko ezaugarriak dituzten beste auzo batzuetan ere aplikatu ahal izango direnak.

Diru-laguntzaren kopurua subentzionatu daitekeen gastuaren % 80ra artekoa izan daiteke, eta 100.000 eurokoa da gehienezko muga. Eskaerak aurkezteko azken eguna 2018ko irailaren 20a izango da (egun hori barne), eta online aurkeztu behar dira euskadi.eus webgunean.

Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Lege-aurreproiektua. Jendaurreko informazioaren fasea. Ondorioak

$
0
0

Lege honen xedea da Euskadiko natura-ondarea kontserbatzea, kudeatzea, era jasangarrian erabiltzea, leheneratzea eta hobetzea.

Aurrez deskribatutako arau guztiak sustatu dituzten eta gaur egun indarrean jarraitzen duten printzipioak baztertu gabe, lege-a urreproiektu honen helburua da gaur egungo arazoei erantzutea, egindako lana erres petatuz beti eta natura-ondarearen eboluzio orekatua arriskuan jar dezakeen a zuzenduz.

Xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8.1 artikuluaren arabera, Lege-aurreproiektua jendaurrean jarri da, izapidetzen ari den arauan interesa duten agente sozialen partaidetza handiena bermatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren Egoitza elektronikoan (euskadi.eus), Irekian eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian (www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus) argitaratu da.

Esandako izapideak egiteko epea amaitu eta ondorioak balioetsi ondorenprozedura izapidetzen jarraituko dugu, legea idatz dadin, zeina aldez aurretik saileko sailburuak onartu beharko duen.

 

Lan kontratu honen oferta teknikoen irekiera ZARAUTZ UDALERRIAN OLAA ETA IÑURRIZA ERREKASTOEN UHOLDEETATIK BABESTEKO ETA INGURUMENA BERRESKURATZEKO PROIEKTUA

Plentziako hondartzan abiarazi da «Birziklapenean jaioak gara» herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina

$
0
0

Gaur abiarazi da Plentziako hondartzan «Birziklapenean jaioak gara»: kontsumo arduratsuaren eta hondakinak gehiago eta hobeto birziklatzearen bidez, herritarrak sentsibilizatzeko eta ekonomia zirkularraren prozesuetan parte harrarazteko ekimena.

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako elkarrekin egin duten lehen kanpaina da, eta sistema integratuko bi kudeaketa-erakunde nagusien laguntza du: Ecoembes eta Ecovidrio. 2030. urtea baino lehen ontzien % 60 eta sortzen diren hondakinen % 70 birziklatzea da helburua; horrela, Europar Batasunak ezarri dituen kopuruak beteko ditugu.

Kanpaina, gutxi gorabehera, 30 herritara iritsiko da. Abuztuaren 14an hasiko da, hiru lurraldeetako 14 hondartza eta herritan, eta azarora bitarte beste hainbat herritara zabalduko da. Dena den, interesa duten herri gehiago ere bildu ahalko dira kanpainara. Hala, Plentziaren ondoren, karpa ibiltaria Muskizko, Hondarribiko, Sopelako, Getariako, Garaioko bainu-eremuko, Ereagako, Lagako, Zarauzko, Lekeitioko eta Bakioko hondartzetan izango da abuztuan, bai eta Eltziegon, Pasaian eta Zumarragan ere.

«Birziklapenean jaioak gara» kanpainaren karpa ibiltari handia goizez egongo da herritarrei irekita, 11:00etatik 14:00etara. Hiru atal ditu: erakusketakoa, ludikoa eta kanpoko jarduera. Pertsonak parte hartzeko modukoak izango dira, bi helbururekin: batetik, gehiago birziklatzeko, eta, horretarako, jendeak ez birziklatzeko izaten dituen aitzakiei erantzuna emango zaie, eta, bestetik, hobeto birziklatzeko, eta, horretarako, edukiontzi bakoitzean zer hondakin mota utzi behar den azalduko zaie.

Gainera, ikasturtearen hasierari begira, ikastetxeetarako bisita gidatuak programatuko dira aurrez. lehen eta bigarren hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleentzat pentsatuak.

Kanpainaren edukia

Erakusketaren atalean, informazio-panelen bidez, Euskadiko hondakin-planeko helburuak azaltzen dira, modu ulergarrian eta grafikoan, azpimarratuta herritarrek garrantzi handia dutela helburu horiek lortzeko orduan, eta aholku probetxugarriak emango dira ekonomia zirkularreko oinarrizko kontzeptuei buruz, hala nola hondakinak gutxitzeari, birziklatzeari eta berrerabiltzeari buruz.

Panelak zazpi bloke handitan egituratu dira:

  • Nola birziklatu ondo: aholku praktikoak, gomendioak eta datu bitxiak, ondo eta erraz birziklatzeko eta zer birzikla dezakegun jakiteko; birziklapenari buruzko mitoak eta onurak.
  • Nola birziklatzen da?: birziklatze-prozesuari buruzko azalpena, ontziekin, dagokien edukiontzian uzten ditugunean, zer gertatzen den jakiteko.
  • Birziklatu zure aitzakiak: birziklatzeko orduan etxean dauden traba nagusiei buruz (leku falta, interes falta, uste okerrak...) gogoeta egiteko eta horiei konponbidea bilatzeko panela.
  • Jarduera ludikoa: hondakinak bereizi, eta bakoitza dagokion edukiontzian utziko dugu.
  • Ecoembes barometroa: Espainia osoan jasotzen eta birziklatzen diren hondakinen datuei buruzko mapa, autonomia-erkidegoko eta udalerriaren xehetasunarekin batera.
  • Ecovidrio jarduerak: beira birziklatuarekin ale apaingarriak egiteko lantegiak, eta beirazko ontziak ezagutzeko jolasa.
  • Reciclatest / Reziklatesta: kanpainarako berariaz prestatutako 15 galderako test interaktiboa, non erantzunetan hiru aukera emango diren.

Kaleko ekintzak karparen kanpoaldean egingo diren hiru jarduera ludikorekin osatuko dira.

  • Nire konpromisoa:photocall saioa, non atrezzo txiki baten bidez, nahi duenak, gehiago eta hobeto birziklatzeko zer konpromiso hartzen duten adieraziz, argazki bat egin dezakeen.
  • Birziklapenean jaioak gara: kanpainako pertsonaietako bat izatera jolastuz, norbere buruaren argazkiak egiteko panela.
  • Batukada: ordu erditik ordu erdira, gutxi gorabehera, kanpainako abestia entzungo da (Reciclar es lo nuestro, ta zurea ere bai), eta dinamizazio berezi bat egingo da, inguruetan dabilen jendea parte hartzera animatzeko: musika-tresna birziklatuak eta ontziekin eginak banatuko dira, kanpainako abestia eta koreografia interpreta dezan.

Hondakinak Euskadin

Euskadiren helburua da 2030erako sortzen diren hondakinen % 10 gutxitzea eta % 70 birziklatzea, bereizketa egokia eginda. Halaber, ontzien % 60 birziklatu nahi da. Tasa horiek lortzeak onura zuzenak ditu, ez bakarrik ingurumenean edota airearen kalitatean, baita enpleguaren sorreran ere: Euskadin, hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sektorean, 5.700 pertsonak lan egiten dute.

EBren ekonomia zirkularrerako ekintza-planaren arabera, hondakinak gutxitzeak, birziklatzeak eta berrerabiltzeak, gero baliabide bihurtzeko, Europan, bost urtean, 600.000 milioi euro aurrezteko modua ekar dezake.


URA ikertzen ari da Egileor ibaira heldu zen isurketa

$
0
0

URA ikertzen ari da atzo Egileor ibaira heldu zen tratatu gabeko isurketa, hildako arrain eta karramarroak agertzea sortarazi zuena.

URAren ikuskariak abuztuaren 13tik bertatik Aldanondo gaztandegian izandako sutea itzaltzearen eraginen jarraipena egin dute. Atzo, berriro, 112aren abisua jaso zen segurtasun-protokoloa abian jarrita, parte hartu behar zuten erakunde guztiak jakinaren gainean jartzen dituena, eta guardiako ikuskaria bertaratu egin zen.

Dagokion ikerketaren ondoren, errekerimendu edo beharrezko erabakiak hartzea aztertuko da kontrolatu gabeko isurketak errepikatzea ekiditeko.

URAk eginbideak irekiko ditu Arratoko urestatzaile-elkartearen aurka ikuskariak haien azpiegituretan sartzeari adierazitako ezezkoaren aurrean

$
0
0

URAk eginbideak irekiko ditu Arratoko urestatzaile-elkartearen aurka uztailaren 18an ikuskariak haien azpiegituretan sartzeari adierazitako ezezkoaren aurrean.

Bisitaren helburua zen, alde batetik, argitzea azpiegiturak indarrean dagoen araztutako eta berrerabilitako emakidan ezarritakora moldatzen den; eta, beste alde batetik, azpiegitura horiek berrerabiltzeari buruzko 1620/2007 errege dekretura moldatzea sustatzea — emakidetan berrerabiltzeko orduan betebeharreko oinarrizko baldintza batzuk ezartzen dira bertan —. Era berean, ikuskatzearen helburua zen azpiegituraren sarrerako zein irteerako emariaren laginak hartzea.

Arratoko urestatzaile-elkarteak Gasteizko hondakin-urak nekazaritzarako lurrak urestatzeko berrerabiltzen ditu, erregeneratutako hondakin-urak berrerabiltzeko emakidari jarraikiz; bertan ezartzen dira elkarteak urestatzeko bideratu dezakeen emaria, eskatu daitezkeen kalitate-irizpideak zehazten ez diren arren.

Hala ere, aipatutako Errege Dekretuak urak berrerabiltzeko emakidei betebehar batzuk ezartzen dizkie, horien artean uren kalitateari dagozkion batzuk.

Kalitate maila hori betetzea errezagoa da urestatzeko uren berrerabiltzea AMVISAren Hondakin Uren Araztegiak duen erregenerazio estazio antzeko batean egiten den hirugarren tratamenduaren ondoren ematen bada. Azpiegitura horrek karga-organikoaren hondarra eta kutsatzaileak kentzea ahalbidetzen du, bigarren tratamendu batean lortzen ez dena.

Azkenik, atzeman da, Urestatzaile-Elkartearen azpiegituretarik Zadorrara heltzen diren baimenik gabeko isurketak eragin direla.

6,4 milioi euro bideratu dira Euskadiko udalerrietan eraikin publiko eta kaleetako irisgarritasuna hobetzeko plan eta jarduketetarako laguntzetara (Gobernu Bilera 2018-09-04)

$
0
0

Gobernu Kontseiluak, gaur, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindua onetsi du; horren bidez, 2018 ekitaldirako udalentzako eta toki-erakunde txikientzako eta onura publikoko gizarte-helburuak dituzten erakunde pribatuentzako diru-laguntzak deitzen dira, irisgarritasun-planak prestatu edo eguneratzeko eta hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak gauzatzeko.

Laguntzen helburua 1997ko Irisgarritasun Legea bultzatzea da eta honako alderdi hauek sustatzea: 1) hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraioak eta dagoeneko dauden informazio-sistemak pixkanaka egokitzea helburu duten irisgarritasun-planak prestatu eta eguneratzea; 2) udal eta toki-erakunde txiki eta onura publikoko gizarte-helburuak dituzten erakunde pribatuen irisgarritasun-planetan aurreikusten diren hiri-ingurune eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-obrak gauzatzea; eta 3) udal eta toki-erakunde txikietako irisgarritasun-planetan jaso diren hiri-ingurune eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen-ekipamendua eskuratu eta jartzea.

Jarduketa horietarako, guztira, 6,4 milioi euro bideratuko dira; alegia, 2017ko deialdiko 3,3 milioiak bikoiztu egingo dira. Kopuru horretatik, 480.000 euro 2018 ekitaldi honetakoak dira, 2.960.000 2019koak eta gainerako 2.960.000 milioiak 2020koak. Diru-laguntza jasoko duten jarduketak 2018ko urtarriletik aurrera hasi beharko dira, eta planek, gehienez, 2019ko azaroaren 15erako egon beharko dute amaituta eta obrek, 2020ko urriaren 31rako; obrak deialdiaren aurretik hasi daitezke. 

Guztira, Euskadiko 65 udalek parte hartu zuten deialdian iaz; bertan, hiri-igogailuak jartzeko jarduketak lehenetsi ziren, horien kostua eta oinezkoentzako hiri-loturak hobetzean zeukaten gizarte-eragina kontuan hartuta. Aurretik irisgarritasun-planetan aurreikusitako proiektuak aurkeztu ondoren diru-laguntzak jaso zituzten udalerrietatik, 26 Gipuzkoakoak ziren, 32 Bizkaikoak eta 7 Arabakoak.

Aurtengo deialdian, diru-laguntza eskatutako aurrekontuaren % 50 izango da gehienez, irisgarritasun-planen eta horien eguneratzeen kasuetan izan ezik, % 75ekoa izango baita. Era berean, degradatu edo birgaitze integratu gisa aitortuta dauden hiri-arloetako obretan gehienez eskatutako aurrekontuaren % 60 lagundu ahalko da diruz, eta, gehienez, udalerriko edo erakundeko, 300.000 euro.

Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, eta horretarako epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Diru-laguntzen ebazpena gehienez sei hilean emango da, epea ixten denetik.   

450.000 euro ERAIKAL programarako

Era berean, ERAIKAL programako 2018ko laguntzen deialdia onetsi da; programa horren bidez, kudeaketa-sistemen ezarpena, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatearen sustapena eta Euskadiko egoitza-eraikuntzaren sektoreko irisgarritasunaren eta berrikuntzaren sustapena eragiten dira. Diru-laguntza horiek 450.000 eurokoak dira, eta horietara egoitza-eraikuntzaren eta birgaitzearen sektorearekin lotura duten profesional, enpresa eta elkarteek jo ahalko dute.

URAk espedientea egin dio Karrantzako Udalari aurreko zehapenean eskatutako ekintza eta epe zehatzeko irtenbide bat gauzatu ez duelako

$
0
0

URAk Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari Karrantzako Udalaren irekitako zehazpen espedientearen ebazpen proposamena bidali dio aurreko zehazpen espedientean ezarritako betebeharrak aintzat hartu ez dituelako: irtenbide bat zehaztu hondakin-uren tratamendu egoki bat lortzeko —barne ekintza eta epe konpromiso zehatzekin—.

Egungo saneamendu kudeaketa da Karrantza ibaiak pairatzen duen erasan nagusiaren iturria eta berehalako hobekuntza zehatzak behar dira, beste batzuen artean, hondakin-uren kontrol, bilketa eta tratamenduan. Labur esanda, haranaren horniketa eta saneamenduaren kudeaketa profesionalagoa, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeak bermatuko lukeena.

Uraren Euskal Agentzia otsailean bildu zen Karrantzako Udalarekin atzeratzen joan den integrazio hori sustatzeko. Udalbatzak berak 2016an aho batez eskatu zuen partzuergora sartzea, hala ere, ez da oraindik gauzatu, Foru Aldundia eta Udalaren artean udalerriko abeltzaintza sektoreari ezarri beharreko tarifak direla-eta abian dauden negoziazioen zain.

Atzerapen horrek berarekin dakar udal-saneamenduaren kudeaketan egin beharreko hobekuntzak atzeratzea — eta harekin saneamendu sistema orokorra derrigorrez hirigintzaren plangintzan sartzea— eta, ondorioz, gaizki kudeatutako isurketak sortzen dituzten erasanak Karrantza ibaiaren egoera ekologikoan duten eragina eta araudia bete gabe jarraitzea.

Azpiegitura falta horrek — dentsitate baxuko eta haien artean sakabanatutako biztanle-guneak dituen azalera handi baterako beharrezko saneamendurako kolektore-sarea eta arazketa sistemak— eta egungo saneamendu kudeaketa desegokiak isla du Karrantza ibaiaren egoera ekologiko hobegarrian, EAEko ur masen kontrol sareak aldian-aldian gogoratzen duen moduan.

Haranaren ezaugarriak eta azpiegituren egoera eskasak oztopatu egiten dute saneamenduaren kudeaketa on bat, eta kostu handiagoak ditu eremu kontzentratuago eta biztanle kopuru handiagoa duten eremuekin alderatuta. Partzuergora sartzean kudeaketa modu profesionalagoan eraman ahal izango da, ibaiak pairatzen dituen erasanak nabarmen murriztu egingo dira eta ezarritako tarifak Karrantzan emango den saneamendu egokiaren kostuei aurre egingo die, Karrantzak bakarrik eskaini ezingo zukeena.

Orobat, gogoratu Kantauri Mendebaldeko Demarkazioko Plan Hidrologikoaren araudiak behartu egiten dituela horniketaren eta saneamenduaren eskumena duten erakundeak (toki-administrazioak/udalak) bi arlo horiek uztartzera kudeaketa profesionala eta kostuen berreskuratzea bermatuko duten udalez gaindiko azpiegiturak sustatuz, eraginkortasun handiena lortze aldera, hain zuzen ere, Karrantzak, Bilbao Bizkaia ur partzuergoan sartzean, egingo lukeen bidea.

Etxebizitza Sailak dekretu batean moldatu eta eguneratu du eraikinen azterketa teknikoari (EAT) buruzko araudi guztia

$
0
0
  • Testu berriak derrigorra duten eraikin guztietan EATak egitea oztopatzen zuten zenbait gai argitzen ditu eta azterketak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura bizkortzen du.
  • Arriola sailburua ziur dago dekretuan jasotako aldaketek eta hobekuntzek EATak egitea sustatuko dutela eta, horrela, horiek egiten dituzten teknikarien eginkizuna erraztu egingo dela eta, bereziki, udal eta eraikinetako jabeei dagozkien izapideak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eguneratu eta moldatu egin du eraikinen azterketa teknikoari buruzko araudi guztia. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, bihar indarrean sartuko den dekretu berri bat sortu du. Testua uztailaren amaieran onetsi zuen Gobernu Kontseiluak, eta, horren bidez, 2012ko dekretua eta ondoko 2014ko aldaketa berritu da, eta derrigorra duten eraikin guztietan EATak egitea oztopatzen zuten zenbait gai argitzen ditu eta azterketak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura bizkortzen du.

Era berean, egoitza-arloan dauden eskakizun berrietara eta 2015eko Etxebizitza Legearen edukietara egokitzen da; Etxebizitza Legeak zabal arautzen du EATa, 52. artikuluan, eta funtsezko tresnatzat jotzen du jabeek eraikitako ondarea babestu eta eraikinen birgaitzea eta hiri-eremuen berroneratzea sustatzeko.

Dekretu berriak 24 artikulu ditu, zazpi kapitulutan, bi xedapen gehigarritan eta xedapen iragankor batean multzokatuta. Dekretuak nagusiki bizitegirako diren eraikinen azterketa teknikoak bete behar dituen irizpide eta eskakizunak ezartzen ditu eta, horretarako, EATa egiteko derrigortasuna duten pertsona fisiko edo juridikoei buruzko edukiak garatzen ditu. Halaber, horiek egiteko gaituta dauden teknikari eta entitateak ezartzen ditu, bai eta azterketa osatzen duten txostenak eta horiek egiteko prozedurak eta epeak, azterketa ez betetzeak dakartzan ondorioak eta autonomia-erkidegoko eraikinen azterketa teknikoen erregistroa ere.

Iñaki Arriola sailburua ziur dago dekretuan jasotako aldaketek eta hobekuntzek EATak egitea sustatzen lagunduko dutela eta, horrela, horiek egiten dituzten teknikarien eginkizuna erraztu egingo dela eta, bereziki, udal eta eraikinetako jabeei dagozkien izapideak.

Dekretuaren nobedade nagusiak

1. kapituluan, gaizki-ulerturik eta jardunbide desegokirik egon ez dadin, zenbait kontzeptu definitu dira. Horien artean, zer ulertu behar den dela “bizitegirako erabilera nagusia”; zer den ataria; nola zenbatu “eraikin baten adina”; edo zer ulertu behar den “arrazoizko doikuntza” gisa, irisgarritasunari dagokionez.

Familia bakarreko etxebizitzei ematen zaien tratamendua malgutzen eta argitzen da. 2012ko lehen dekretuan, berariaz baztertzen ziren mota horretako eraikinak EATa egiteko beharrizanetik. Gero, 2014ko aldaketaren ondorioz, EATa derrigorrezko bilakatu zen etxebizitza guztietarako, salbuespenik gabe.

Dekretu berriak bide publikora ematen duen fatxada bat edo gehiago dituzten familia bakarreko eraikinetan EATa ezarritako epeetan (50 urteko antzinatasuna betetzean eta 10 urtean behin, gerora) derrigorra dela zehazten du. Izan ere, hirugarrenen segurtasuna babestu nahi da horrela, oinezkoena, besteak beste.

Bide publikora ematen ez duten familia bakarreko gainerako etxebizitzen kasuan, udalek izango dituzte hirigintza-diziplinaren gaineko eskumenak, eta beraiek erabaki beharko dute EATa egin behar duten ala ez.

Halaber, baserriek eskakizuna bete behar duten ala ez zehazten da. Horrela ezartzen da ez direla “bizitegirako erabilera nagusi”tzat eta, beraz, EATa aurkeztera behartutzat hartuko, etxebizitzaz gainera, erregistro industrialean edo Euskadiko nekazaritza- eta/edo abeltzaintza-erregistroetan inskribatuta egoteko beharra duten bestelako erabilera intentsiboak dituzten eraikinak.

Protagonismo handiagoa ematen zaio eraikinaren Erabilera eta Mantentze Lanen Planari. Horren inguruko eskakizunak areagotu eta dokumentu hori are derrigorrezkoagoa da. Horrela, hura eskuratzeko epea murrizten da eta, urtebetekoa izan beharrean, hiru hilekoa da, EATa udalean aurkeztu ondoren. Baita dokumentu horretan azterketan antzemandako gorabeherak inskribatzeko epea eta zuzentzeko epea ere, zeina hilabetera murrizten baita.

Era berean, Efizientzia Energetikoaren Ebaluazioaren kontzeptua argitzen da. 2014ko dekretuak EATa Efizientzia Energetikoaren Egiaztagiriarekin osatzeko beharra jaso zuen. Hala ere, orduan nolabaiteko nahastea zegoen EATan gai horren inguruan egiten den ebaluazioak duen irismenaren eta ondorioen inguruan; izan ere, ezin da “egiaztagiri”tzat jo, Energiaren Euskal Erakundean (EEE) erregistratuta ez badago.

Dekretu berrian, EATari buruzko informazioa efizientzia energetikoaren “Ebaluazio” izendatzen da, harik eta EEEk erregistratu arte; hori EATaren aurretik edo ondoren egin daiteke, independentea baita. (Egiaztagiria derrigorrezkoa da, etxebizitza bat saldu edo alokatzeko, nahiz eta eraikinak ez duen EATa egin behar, antzinatasuna dela eta).

Azkenik, izapide eta prozedura erredundanteak kendu dira, besteak beste, Teknikari Ikuskatzailearen Erantzukizunpeko Adierazpena; izan ere, EATaren txostenak berak badakar adierazpen hori.

Arriola sailburuak berriz ere esan du EATa ez dela eskakizun funsgabea eta apetatsua; izan ere, helburu du “etxebizitzetako egoiliarren eta hirugarrenen segurtasuna babestea, bai eta horien bizigarritasun-baldintzak ere, eta gure ondare eraikiaren kontserbazio-egoera egokia bermatzea, etxebizitzak guztion erabakiaren ondorioz duen funtzio sozialari jarraikiz”.

Eta esan du etxebizitzaren egoera kontrolatzen bada, “eten egiten dela haren hondatzea, lehenago antzematen direla arazoak eta, egoiliarrak eta hirugarrenak babesteaz gainera, konponketa garrantzitsuagoak eta garestiagoak saihestu daitezkeela”.

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Otxarkoagan Euskadin aitzindaria den hiri-berroneratzeari buruzko ikerketa-laborategia jarri dute martxan

$
0
0
  • ‘Otxar Urban Lab’en jarduera hasteko, Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak (EVETU) hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko ikastaroa emango du, enplegatu publiko eta profesionalei zuzenduta, batik bat arkitekturaren eta ingeniaritzaren arlokoei
  • Ekimena Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Otxarkoagan egingo duten eraikinen hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 milioi euroko aurrekontua du
  • Iñaki Arriolak eta Alfonso Gilek Otxarkoaga, elkarte-egituraren inplikazio zuzenaren bidez, sozialki jasangarria den ekoauzo bilakatu nahi duen akordioaren balioa nabarmendu dute

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateordeak, gaur goizean, ‘Otxar Urban Lab’en egoitza izango den eraikina bisitatu dute; hiri-berroneratzeari buruzko ikerketa-espazio berria izango da, Bilboko Otxarkoaga auzoan. Espazio berri hori laborategi esperimentala, irekia eta partekatua izango da; bertan, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-formulak bilatuko dira, Bilboko beste gune batzuetara eta Euskadiko beste udalerri batzuetara estrapola daitekeen berezko lan-metodoa diseinatzeko eta, bertan, hiria birgaitzeko, berroneratzeko eta berritzeko estrategia martxan jartzeko.

‘Otxar Urban Lab’ek, ekimena hasteko, hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko ikastaroa emango du, enplegatu publiko eta profesionalei zuzenduta, batik bat arkitekturaren eta ingeniaritzaren arlokoei, baina baita zuzenbidearen, soziologiaren eta beste arlo batzuetakoei ere. Goyo Zurro Bilboko Etxebizitza zinegotziaren eskutik, Iñaki Arriolak eta Alfonso Gilek bihartik urriaren 8ra arte prestakuntzarako baliatuko diren ikasgelak bisitatu ditute; ikastaroa Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak (EVETU) emango du, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendekoak.

Eraikina BBKk laga du, eta, datozen hileotan, Bulego Teknikoaren eta Hurbilekoaren egoitza bilakatuko da, eta, horren bidez, auzoan bertan kudeaketak egin ahalko dira eta herritarren parte-hartzea eta Otxarkoagako gizarte-egitura egiten diren jarduera guztietan inplikatzea bilatuko da. Halaber, espazioan bertan auzoko pertsonen prestakuntzarako eta enplegagarritasuna hobetzeko neurri eta planak abian jartzea aurreikusten da.

Ekimena Bilboko Udal Etxebizitzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Otxarkoagan datozen lau urteotan egingo duten eraikinen hiri-birgaitzeari eta -berroneratzeari buruzko proiektu handinahiaren barruan kokatzen da; proiektuak 7 milioi euroko aurrekontua du. Horietatik, 4.675.000 euro Eusko Jaurlaritzaren kargura izango dira, eta Udal Etxebizitzak 2.477.000 euroko inbertsioa egingo du.

Arriola sailburuak eta Alfonso Gil alkateordeak Otxarkoaga, elkarte-egituraren inplikazio zuzenaren bidez, sozialki jasangarria den ekoauzo bilakatu nahi duen akordioaren balioa nabarmendu dute. Hirian izaera horretako lehen esperientzia da, erakunde-elkarlanaren eta bi erakundeek hiri-berroneratzearen alde egiten duten apustu partekatuaren ondorio.

Iñaki Arriolak esan du Otxarkoaga berroneratzeko proiektua oso beharrezkoa zela eta justizia sozialeko kontua zela. “35 urte baino gehiago daramatzagu –esan du– etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ematen, eta bizitegi-eraikinak hobetzeko jarduketa-kopuruari dagokionez emaitza oso positiboa izan da.Baina ez da nahikoa izan; izan ere, ezin dugu gauza bera esan auzo ahulen inbentarioak ematen dituen datuen gainean; horietan, euskal herritarren % 31 bizi da.Hiri-berroneratze integrala egiteko ordua iritsi da, ingurumen-hobekuntza, suspertze ekonomikoa eta jendearen kohesio eta integrazio soziala ere kontuan izango dituena”.

Bestalde, Alfonso Gil Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriko Politiken koordinatzaileak honako hau adierazi du: “Udalak herritarren partaidetzarekin hiria eraldatzeko prozesu dinamikoen aldeko apustu argia egiten du. Otxarkoagan gauzatuko den proiektuaren eta horren tankerakoen helburua zera da: hiriaren egituraren baldintza fisikoak optimizatzea, eta, batez ere, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, gizarte- eta lurralde-kohesioaren aldeko neurrien bitartez, baita beste jarduera batzuen bidez ere, hain zuzen, hiriko ekonomia berroneratzea, enplegua sustatzea eta jarduera- eta ekintzailetza-nitxo berriak bultzatzea xede dutenak”.

Pasa den ekainean esan bezala, proiektuaren jarduketa esanguratsuenak efizientzia energetikoko eta irisgarritasun unibertsaleko irizpideen araberako bost eraikinen birgaitzea dira. Guztira, datozen 4 urteotan, esku-hartzeak 240 etxebizitzatan izango du eragina, auzoko 16 ataritan eta 3 kaletan (Irumineta, Txotena eta Larrakoetxe) banatuta. Orain arte ere, 2017ra arte, auzoan lanak egin dira, lau eraikinetan hobekuntza-lanak egin baitira, guztira 228 etxebizitzatan.

Eusko Jaurlaritzaren inbertsio handiena, 3 milioi euro baino pixka bat gehiago, bizitegi-eraikinak birgaitzeko laguntzetara bideratuko da. Udal Etxebizitzen ekarpena 1.957.000 eurokoa izango da, eraikinetan jabetza-kuota aintzat hartuta.

Gainera, gizarte- eta kultura- eta merkataritza-jarduerak  izango dituen espazioa ere egongo da, Txotena kalean. Gaur egun erabiltzen ez diren bi eraikin birgaituko dira eta horien artean eraikiko den plaza publiko estaliaren bidez konektatuko dira. Espazioan energia hornituko da, plazaren estalkian izango diren eguzki-plaka batzuen bidez.

Era berean, proiektuak bi azterlan egitea aurreikusten du. Lehenengoa, oso azalera txikia duten (50 m2 inguru) etxebizitzen bizigarritasuna hobetzeko aukerak aztertzeko. Bigarrena, auzoko espazio fisikoan egon daitezkeen hobekuntzak ikertzeko.

 

INBERTSIOEN LABURPENA:

 

Eusko Jaurlaritza

Bilboko Udala

Birgaitzerako laguntzak

3.015.000

 

Jabetza-kuotako ekarpena

 

1.757.000

Gizarte- eta kultura-espazioa

750.000

60.000

Auzoko bulegoa, Otxar Urban Gela, Prestakuntza eta Enplegua

853.250

560.000

Bizigarritasun-azterlana

50.000

 

Espazio publikoaren azterlana

6.750

100.000

 

4.675.000

2.477.000

 

 

Oiongo araztegi berriak hondakin-uren tratamendua egokia bermatzen du, urteroko 600.000 m3 hondakin-urentzako

$
0
0
  • Uraren Euskal Agentziak egindako HUAren eguneratze lanok 3,5 milioi euroko inbertsioa eta 16 hilabete behar izan dute egikaritzeko
  • Araztegiak azpiegitura handitu du: ekaitz-tanga, IFAS teknologiaz hornitutako erreaktore biologikoa eta kiratsa deuseztatzeko sistema berria barne
  • Arriola sailburuak azpimarratu du ezinbestekoa dela horniduraren eta saneamenduaren Kudeaketa-eredu profesionala orokortzea lurralde osoan, jasangarritasun ekonomiakoa zein tekniko egokia bermatzeko

URA-Uraren Euskal Agentziak egindako Oioneko araztegia (HUA) handitzeko eta eguneratzeko lanek udalerriko hondakin-urak egoki tratatzea ahalbidetuko dute (urtean 590.205 m³). Halaxe azpimarratu du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak, gaur goizen araztegian egindako bisitan. Bertan lagun izan ditu: Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredo; Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro González; Lana, Merkataritza eta Turismo sustapenerako foru-diputatu Cristina González; Oiongo alkate Eduardo Terroba; Arabako Errioxako Ur-Partzuergoko presidente Juán José García Barrueco eta Arabako Errioxako Kuadrilako presidente Joseba Fernández.

Araztegiaren obra zibilak 3,5 milioi euroko inbertsioa eta 16 hilabete-lan behar izan ditu egikaritzeko. Behin burututa, URAk HUAren behin-behineko kudeaketaren erantzukizuna hartu du urte batez, azkeneko egokitzapen- eta zehazte-lanak bukatu arte. Urtea bukatutakoan, Arabako Errioxako Ur-Partzuergoari luzatuko zaio araztegia, behin betiko Kudeaketa bere gain hartu dezan.

Lanok dautza aurreko azpiegituraren berregituratzean (ponpaketa-putzuak, hoditeria, azpiegitura elektrikoak, bideak, kontrol-eraikina, etab.), nahiz azpiegitura berriak eraikitzean (ekaitz-tanga, Faustino Upategiko kolektorearen ponpatzea, IFAS teknologiaz hornitutako erreaktore biologikoa, lokatz lohien deshidratazio-iragazkia, edota kiratsa deuseztatzeko sistema.)

Horiek guztiek Oiongo isurketaren kalitatea nabarmen hobetuko dute (Oiongo saneamenduak hondakin-ur urbanoak eta enpresa-ardogileen hondakinak artatu beharko ditu batera), ibaira betebeharrezko berme guztiekin itzul daitezen.

Araztegi berriaren berrikuntza nabarmenetako da IFAS teknokologiaz hornitutako erreaktore biologikoa erabiltzea: alegia, biomasa esekiez, zein euskarri mugikorretan itsatsitakoez baliatzen diren biomasa prozezuak uztartzen dituen prozesua. Beste era batera esanda: dentsitate handiko plastikuzko euskarri txiki kubikoak erabiltzen dira mikroorganismo kopuru handiago biltzea ahalbidetzeko; hots, ohiko hondakin-uren tratamendu biologikoa baino sistema eraginkorragoa lortzeko.

Orobat, kiratsa deuseztatzeko ikatz aktibozko sistema eraiki da, 14.000m3/h erauzte ahalmenarekin. Baita 1000 m3ko ekaitz tanga ere, euriak erruz egiten duenean, kolektoreetarik barrena araztegira heltzen den ur andana eusteko ere: izan ere, halakoetan, araztegiak ezin dio arazteari eutsi abiadura berean. Tangak ur horien aurreiragazketa egitea ere ahalbidetzen du.

Lan horiek guztiek jarraitu egin dute aurreko urteetan Oiongo herrigune, zein industria-zonaldeetan egindako saneamendua hobetzeko lana: kolektore-sistemen eraikitzea eta isurketak zeuden herriguneen konexioa, URAk egindako beste 3 milioi euroko inbertsioarekin. Lanok 2017-2027 urteen artean azpiegitura hidraulikoak egiteko Arabako Lurralde Historikoarekin sinatutako Esparru Hitzarmenean bildu ziren: guztira, Eusko Jaurlaritzak Araban 50 miliioi euro inbertituko ditu azpiegitura hidraulikoetan.

Oiongo HUAren egokitzea (kolekore-sarearen zabaltzeaz eta zoru urbanoan eskas jasotzen diren isurketen biltzeaz batera), beharrezko urratsa da Ebroko Conchaval ibaidarraren egoera hobetzeko. Halaber, Arabako Errioxako Ur-Partzuergoak araztegia profesionalki kudeatu beharko du, aurrerantzean, errendimendu ona lortzeko, azpiegitura mantendu eta amortizatzeko, edota zerbitzuaren koste-berreskuratzerantz urratsak emateko.

Ildo honi jarraiki, Arriola sailburuak azpimarratu du “ezinbestekoa dugula uraren hornidura- eta saneamendu-kudeaketa eredu profesional baten alde egitea lurralde osoan, jasangarritasun tekniko eta ekonomiko egokiarekin. Izan ere, horixe da bide bakarra funtzionamendu egokia lortzeko; etorkizunean ere erabilgarri iraunarazteko; azpiegituraren mantentzea, birgaitzea eta amortizazioa gauzatzeko; edota zerbitzatzen duen lurraldean eman daitezkeen balizko erabilera berriak aintzat harturik egin beharreko egokitzapenak egiteko, besteak beste”.

Sailburuak bisita baliatu du jakinarazteko datozen hilabeteetan Moredako araztegiko lanon lizitazioa abiaraziko duela URAK: “lan horiekin Araban azpiegitura hidraulikoak egin eta finantzatzeko Esparru Hitzarmenean hartutako konpromisoen betetze-mailan urrats berri bat emango dugu”.

Arazketa-prozesuren oinarriak

  • Arazketa prozesua saneamendu-saretik datorren ur gordinaren sartze eta biltzearekin hasten da.
  • Jarraian, arbastatzea: ur gordin horretan solido lodiak eta arinagoak kentzeko lana.
  • Hondar eta koipeen iragaztea.
  • Dekantazio primarioa: sedimentatzen diren solidoen gehiengoa eta aurreko faseetan oraindik ezabatu ezin izan diren gai flotagarraik bereizten dira, solido esekien dekantazio fisiko naturalaz, eta dentsitate txikiagoko gaien flotazio naturalaz. Solidoak hondoan geratzen dira, eta goikaldean biraka diren irazgailu mugikorrek biltzen dituzte flotagarri horiek. Dekantaturiko ur hori tratamendua biologikoarantz doan kanal batean isurtzen dira.
  • Tratamendu biologikoa: sedimentatu daitezkeen solidoak kendutakoan, ura erreaktore biologikoetara bideratzen da, mikroorganismoen bitartez, gai organikoen degradatzea lortzeko.
  • Bigarren mailako dekantazioa: Arazketaren azken fasean, tratatuko ura eta prozesuan sortutako lokatz lohi biologikoa bereizten dira. Lokatz lohia hondoan geratzen da, eta araztutako ura ibaira itzularazten da egokitzen diren kalitate bermeekin.

Pliken irekiera ekonomikoa - 002S/2018 - EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AIRE KALITATEAREN ZAINTZA ETA KONTROL AUTOMATIKOAREN SARERAKO EKIPOEN 6 LOTEEN HORNIDURA, INSTALAKUNTZA, FORMAKUNTZA ETA MARTXAN JARTZEA.

$
0
0

Pliken irekiera ekonomikoa - 002S/2018 - EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AIRE KALITATEAREN ZAINTZA ETA KONTROL AUTOMATIKOAREN SARERAKO EKIPOEN 6 LOTEEN HORNIDURA, INSTALAKUNTZA, FORMAKUNTZA ETA MARTXAN JARTZEA.

Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno parte hartzen ari da Klima Ekintzaren Munduko Gailurrean, San Frantziskon

$
0
0
  • Eusko Jaurlaritzak KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Euskal Estrategiaren betetze-maila ez ezik, Euskadin abian jarritako klima-aldaketaren arloko egokitzeko eta arintzeko ekintza zehatzak ere aurkeztuko ditu
  • Aldebiko bilerak ere finkatu dira Lonbardiako (Italia), Victoriako (Australia) Baden-Wurtemberg-eko (Alemania), Kaliforniako (Estatu Batuak) zein Gales eta Eskoziako (Erresuma Batua) buruekin, abenduan Polonian izango den COP24ri begirako eskualde-estrategia komunak partekatzeko

 

Klima Ekintzaren Munduko Gailurrean parte hartzen ari dira Eusko Jaurlaritzaren zenbait ordezkari atzotik San Frantziskon (AEB), Ingurumeneko sailburu Elena Moreno, haien buru. Kaliforniako Estatuak zuzendutako gailurrean estatu eta eskualdeetako 5.000 buru inguru bildu dira, bai eta mundu osoko enpresak, inbertitzaileak, erakunde zibilak zein herritarrak ere, klima-aldaketaren aurkako borrokan egoera nola aldatu den erakusteko eta estatuen eta eskualdeen artean konpromiso sakonagoak erdiesteko.

KLIMA 2050 Klima Aldaketaren Euskal Estrategiaren barruan izandako aurrerapenak ez ezik, ekonomian ikatzaren erabilera gutxitzeko eta klima-aldaketara egokitu eta hura arintzeko Euskadin gauzatzen ari diren ekintza zehatz batzuk ere aurkeztuko ditu Eusko Jaurlaritzak. «Eusko Jaurlaritzako sail guztiek partekatzen duten tresna da KLIMA 2050, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta gure lurraldea horietara egokitzeko orain arte abian jarritako neurriak indartzeko eta beste batzuk hartzeko», nabarmendu du Ingurumeneko sailburuak.

Urdaibairen esperientzia, lehen sektorea babestutako inguruneetan txertatzearen adibide gisa, besteak beste, ezagutaraziko dute, hain zuzen ere, eztabaida-mahaietako batean, non jorratuko baitute estatu azpiko gobernuek zer eginkizun betetzen duten Garapen jasangarrirako helburuak landa-inguruneetan eta hiri ingurukoetan betetzeko orduan. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak parte hartuko du mahai horretan.

Aldebiko bilerak ere aurreikusita daude Elena Moreno sailburuaren eta Lonbardiako (Italia), Victoriako (Australia), Baden-Wurtemberg-eko (Alemania), Kaliforniako (Estatu Batuak) zein Gales eta Eskoziako (Erresuma Batua) buruen artean, klima-aldaketaren arloko eskualde-estrategia komunak zehazteko, Klima-aldaketari buruzko NBEren 2018ko Konferentzia (COP24) prestatzeari begira; Katowicen (Polonia) egingo da konferentzia hori, abenduan.

«Klima-aldaketa ingurumen-erronka urgenteena da; gure mugak gainditzen dituen erronka bat, planetako eskualde eta estatu guztiei eragiten diguna. Adituen iritziz, Europako hegoaldea klima-aldaketaren zuzeneko ondorioen aurreko urrakortasun handiko eremua da (tenperatura-igoerak, uholdeak edo lehorteak, besteak beste)», adierazi du Elena Morenok. «Euskadin asmo handiko helburuak jarri ditugu, hala nola berotegi-efektuko gasen isuriak, klima-aldaketaren eragile direnak, % 40 gutxitzea 2030. urterako, eta karbono gutxiko energia-eredu bateranzko apustua; hala bada, 2050ean, energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren % 40 izatea erdietsi nahi dugu», gaineratu du.

Klima Ekintzaren Munduko Gailurrari buruzko informazio gehiago: https://www.globalclimateactionsummit.org/

Pliken irekiera ekonomikoa - 001S/2018 - EAEKO AIRE KALITATEAREN ZAINTZA ETA KONTROLERAKO SAREAREN ANALIZAGAILUEN ORDEZKO PIEZEN HORNIDURA

$
0
0

Pliken irekiera ekonomikoa - 001S/2018 - EAEKO AIRE KALITATEAREN ZAINTZA ETA KONTROLERAKO SAREAREN ANALIZAGAILUEN ORDEZKO PIEZEN HORNIDURA

URAk hasi berri ditu Asua ibaian Sondikako Industrias Alba-tik Sangroizko zubira arteko bideratze-lanak

$
0
0

URAk hasi berri ditu, Asua ibaian, Sondikako Industrias Alba-tik eta Sangroizko zubira artean, ura husteko ahalmena hobetzeko lanak (ibai tarte horretan, ibilgua nabarmen da eraldatua).

Lanok tartearen ahalmen hidrauliko handituko dute: Asua ibaiaren ur-goraldi naturalek inguruko industria eta etxebizitzetan sor litzaketen erasanak murrizteko Udalak eta URAk elkarlan estuan dihardute, aurrena, Sondikako udalak URAri lanen lursailok luza ziezazkion; eta, orain, URAk lanok hasi berri ditu.

Lanok 18 hilabeteko epea, eta 2,3 milioi euroko inbertsioa beharko dute.

Lanoi bi erakundeen arteko elkarlan estuari esker ekin ahalko zaie. Egun izan baden bideratzea ordezkatuko duen bideratze berri bat egingo da: bai ahalmen hidrauliko eskasa izateagatik; baita egungo bideratzeak ahulezia estrukturala duelako ere.

Ibai-tarte horretan zabalera handiagoa lortzeko lan horiei esker, uholdeak inguruan sor litzaketen erasan nabarmenak saihestuko dira. Bideratze berriak ibaiertzak eutsiko ditu era indarberrituan, eta 15 m zabalerako ibilgu-tartea sortuko du.

Halaber, lanon diseinuak aintzat hartu du inguruan jarduera industrialak, horiek guztiak eustea ahalbidetzeko. Era berean, bi zubi zahar ordezkatuko dira, bideratze berriaren zabalerari egokituta, eta egun diren zubien ur hustuketarako ahalmena baino nabarmen handiagokoak.

Izan ere, ur-askoko sasoietan, egun diren zubiek erraz samar oztopatzen dituzte ur-emari handiak.

Lanok ez dute ibilguan eragingo; aldiz, ibaiertzetan lurra eta hormigoia erauztean dautza. Hartara, lehena, ezkerreko ibaiertza eutsiko duen bideratzearen pareta berria eraikiko da: gaurkoaren ertzetik metro batzuk barrurago.

Hori gauzatzeko, mikropiloteak txertatuko dira lurrean: bideratze berriaren kanpoko pareta izango dena. Behin pareta berria eraikitakoan, bideratze berriaren pareta horretatik eta ibilguaren artean geratuko diren lurrak erauziko dira.

Egokitze hidrauliko hori burututakoan, ibaiertzak berreskuratuko dira paisaiaren ikuspuntutik; bideratze berria inguruan ahalik eta hoberen txertatze aldera.

Azpiegitura horretan ezinbestekoa izango da lehenestea ahalmen hidraulikoa handitzea: bai ibaian gora ur-laminaren balizko igoerak saihesteko; baita uholde-arriskuguneetan diren industria-jarduerak edota aldameneko etxebizitzen segurtasuna handitze aldera ere.

Paisaia-zehaztapenak gaineratzeko aldatutako hiru lurralde-plan partzial onartu dira (Gobernu Bilera 2018-09-18)

$
0
0

Gobernu Kontseiluak paisaien inguruko zehaztapen espezifikoak gaineratzeko hiru lurralde-plan partzial aldatzen dituzten dekretuak onartu ditu gaur. Balmaseda-Zalla (Enkarterri), Guardia (Arabako Errioxa) eta Zarautz-Azpeitiko (Urola Kosta) LPPak izan dira paisaien egoera aztertzeko eta, era horretan, behar bezala antolatu, babestu eta kudeatzeko zereginari ekin dioten hiru lehen planak.

Paisaiari begiratzeko eta paisaia ulertzeko modua aldatu egin da 2000. urteaz geroztik. Urte horretan, Europako Kontseiluak Paisaiaren Europako Hitzarmena formulatu zuen Florentzian. Eusko Jaurlaritzak 2009. urtean erabaki zuen hitzarmen horri atxikitzea, eta Euskadiko paisaien errekonozimendu juridikoa 90/2014 Dekretuaren bitartez lortu zen. Dekretu horretan, tresna espezifikoak daude ezarrita.

Aldatutako hiru planetan, paisaia ikuspuntu integral batetik baloratu nahi izan da, paisaia naturalak, kulturalak, landa-izaerakoak eta hiri-izaerakoak (kalitate handikoak zein degradatuak) kontuan hartuta. Hori dela eta, aurreikusitako neurriak eta ekintzak askotarikoak eta bereziak dira.

Arabako Errioxan, honako hau proposatzen da nagusiki: mendilerroaren, mahastien eta landagune, elementu arkeologiko eta arkitektura tradizionalaren irudiaren paisaia-ezaugarriak eta identitate-balioak kontuan hartzea.

Enkarterriari dagokionez, berriz, abeltzaintza- eta baso-izaerako lurralde menditsu horretan honako helburu hau dute, funtsean, paisaiaren zehaztapenek: multzo geomorfologikoak kontserbatzea; paisaia atlantikoa babestea eta pinuen kopuru handiegia saihestea; ibai-ibilbideak konexio-bide eta aisia-bide gisa sustatzea; hiri-continuumak saihestea eta biztanlegune bakoitza argi eta garbi zehaztea; eraikin berriak leku bakoitzeko arkitektura tradizionalean integratzea; eta, besteak beste, dorretxeei, meatze-instalazioei eta indianoen etxeei balioa ematea.

Urola-Kosta, berriz, itsasoaren eta mendiaren arteko eta itsasertzeko turismoaren eta barnealdeko industriaren arteko dualtasun handia agertzen duen eta gero eta nekazaritza-eremu txikiagoak dituen ingurua da, eta hiri-garapen berrien eta espazio publikoen sarearen integrazioa hobetzea, industrialdeen irudia hobetzea eta balio naturalei eta landa-asentamenduei eustea proposatzen da bertan.

 

Viewing all 722 articles
Browse latest View live