Quantcast
Channel: Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza - Berriak

Larrialdi-prozedura bidez Verter Recycling-en zabortegian egindako kontratazioen jakinarazpena (Gobernu Bilera 2020-07-14))

0
0

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak Gobernu Kontseiluari, apirilaren amaieratik uztailaren hasierara arte, Zaldibarko Verter Recycling enpresaren zabortegian larrialdi-prozedura bidez egindako kontratazioen berri eman dio. Jakinarazpen horren bitartez, larrialdi baten ondorioz kontratazio zuzenak egiteko 2017ko Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 120. artikuluan ezarritakoa betetzen da.

Zabortegian gertatu zen lur-irristatzearen ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, modu subsidiarioan, bere gain hartu zituen premiazko lanen zuzendaritza, kontratazioa eta egikaritzea. Lan horien bidez, zabortegiaren egonkortasuna bermatuko zen, ingurunerako eta ingurumenerako arriskua murriztuko zen eta desagertuta dauden Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán langileen bilaketa modu seguruan egin ahal izango zen.

Apirilaren amaieratik uztailaren hasierara arte kontratatutako jarduketa guztien zenbatekoa 4.466.707 eurokoa (BEZ barne) izan da.  Partida nagusia —3.172.749 euro— lurpean geratu ziren langileak bilatzeko guneetan egindako indusketa-lanei, 1. segurtasun-biltegia egiteko lanei eta irristatze-eremuak egonkortzeko lanei dagokie.

Zenbateko hori apirilaren amaierara arte Ingurumen Sailak egindako kontratazioek eragin dituzten 9 miloi euroko gastuei gehitu behar zaie. Diru hori Verter Recycling enpresak ordaindu beharko du, Zaldibarko zabortegiko jabea eta arduraduna delako.    

 


Bilboko Peñaskal auzoan etxebizitza sozialak eraikitzeko eta hiri-berroneratzea egiteko protokoloa onartu da (Gobernu Bilera 2020-07-14)

0
0

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du, etxebizitza publikoak sustatuz Peñaskal auzoa berroneratzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Bilboko Udalak adostutako jarduketen protokoloa. Protokoloan jasota daude Bilboko eremu horretan hiri-berrikuntzako operazio erraldoiaren fase honetan bi administrazioek eman behar dituzten urratsak. Hau da, bizigarritasuneko eta irisgarritasuneko gutxieneko baldintzak ez dituzten etxebizitzak eraitsi eta bizitegi-bloke berriak eraikiko dituzte, gaur egun etxe haietan bizi diren familiei beste bizileku bat emateko.

2013an Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Bilboko Mendebaldeko auzo narriatu batzuetako etxebizitza-parkea berritzeko izenpetutako hitzarmenean kokatzen da fase berri hori. Hitzarmen hori garatuz jada jarduketa garrantzitsu batzuk egin dituzte Gardeazabal eta Iturrigorri auzoetan. Bertan, hutsik dauden etxeak eraistea, hutsik geratutako lurrak urbanizatzea eta 85 etxebizitza sozialeko bloke bat eraikitzea baino ez da falta, euren etxeak utzi zituzten familia batzuei eta Peñaskaleko operazioko lehen familiei beste bizileku bat emateko.

Peñaskal auzoa beste bien esparru berean dago eta arazo berberak ditu. Protokoloan proposatzen duten hirigintza-jarduketak auzoan hiri-antolakuntza berri bat egitea eskatzen du. Bertan sartuta egongo dira antolamenduz kanpo dauden edo bizigarritasun-, irisgarritasun- eta osasungarritasun-baldintza eskasak dituzten etxeak desjabetzeko prozesua gauzatzea, etxe horiek eraistea eta bertan bizi direnei beste bizileku bat ematea; horretarako, etxebizitza publikoko eraikin berriak egingo dituzte.

Operazio konplexua eta oso garrantzitsua da. Izan ere, datozen urteetan, Peñaskalen 76 eraikin inguru eraitsiko dituzte, 229 familiari beste bizileku bat emango diete, eta auzoaren beheko gunean hainbat bloketan banatutako 140 etxebizitza sozial berri inguru eraikiko dituzte. 

 

Bilbon babes ofizialeko etxebizitzak alokairuan eraikitzeko bi partzela 1,7 milioi eurogatik erostea (Gobernu Bilera 2020-07-14)

0
0

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilbon, Bilboko Udal Etxebizitzak entitatearen jabetzako bi partzela erosteko eta, alokatzeko helburuarekin, babes ofizialeko 61 etxebizitza eraikitzeko. Operazio horrek 1,7 milioi euroko kostua izango du.

Lehen partzela Otxarkoaga auzoan dago, eta bertan eraikiko dituzte etxebizitza gehienak (45). 4.400 m2 inguruko azalera du eta 1.214.471,34 eurogatik erosiko dute.  Bigarrena Miribillan dago, 323 m2 ditu eta 444.269,65 euroko inbertsioa egingo da.  Bertan, 16 etxebizitza eraikitzea aurreikusi dute. 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Bilboko Udalak eta Bilboko Udal Etxebizitzak tokiko erakunde autonomoak iragan apirilaren 14an sinatutako hitzarmenean kokatu behar da jarduketa hori; eta Bilboko Otxarkoaga, Bilbo Zaharra eta Miribilla auzoetan babes ofizialeko eta sozialeko etxebizitzak alokairuan sustatzeko helburua du.

235.000 euro handitu da Txonta auzoa berroneratzeko eta haren eraikinak birgaitzeko dirulaguntza, eta 2,5 milioira heldu da (Gobernu Bilera 2020-07-21)

0
0

Gobernu Kontseiluak baimendu egin dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari Txonta auzoa berroneratzeko eta haren eraikinak birgaitzeko Eibarko Udalaren zuzeneko dirulaguntza 235.000 euro handitzea eta, beraz, 2.300.000 izatetik 2.535.000 eurokoa izatera pasa da. Halaber, 2022. urte arte luzatu da aurreikusitako jardunak exekutatzeko epea.   

Era horretan, aintzat hartu da Eibarko Udalak egindako eskaera. Eskaera horrek agerian utzi du, alde batetik, egin beharreko obren kostua handia dela, batez ere energia-efizientzia eta eraikinen irisgarritasuna hobetzeari begira eta, bestetik, obra horien tamaina dela medio, erabakiak hartzeko prozesua luze eta bihurria izan dela, eta horri gehitu behar zaio COVID-19aren ondoriozko konfinamenduan geldirik geratu direla jarduerak.  

Txonta berroneratzeko proiektua (221 etxebizitzak bat egin dezakete harekin), Bilboko Otxarkoagarekin batera, Horizon 2020 programaren bidez europar finantzaketa jasotzen duen hirigintza berroneratzeko ekimen batean kokatzen da: Open Gela. Bi auzo horietako interbentzioak bereziki esperimentalak dira, eta aurreikusten dituzte hala irisgarritasun-baldintzak, segurtasuna eta energia-efizientzia hobetzeko jardun fisikoak nola gizarte-arloko jardunak, gizarte-kohesioa hobetzeari begira, langabezian dauden pertsonen prestakuntza eta birgaikuntzaren bidez eta produkzio-jarduerak zein hurbileko zerbitzuak bultzatuz eta sustatuz. Horretarako, arlo horietako bakoitzean, Auzoko Bulego bat erabiltzen da, “leihatila bakar” gisa funtzionatzen duena, eta laguntza orokorra ematen die egoiliar guztiei, hala alderdi teknikoetan nola administrazio, kontabilitate, finantza edo kudeaketan. 

6,3 milioi bat euro bideratu diralaguntzetan Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin publiko eta kaleetan irisgarritasuna hobetzeko plan eta jardunetarako (Gobernu Bilera 2020-07-21)

0
0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren Agindua, 2020ko ekitaldirako udal eta udalaz peko erakundeentzako zein gizarte-helburuak dituzten onura publikoko erakunde pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egiten duena, irisgarritasun-planak prestatu edo eguneratzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-lanak exekutatzeko.

Laguntzen xedea da 1997ko Irisgarritasun Legeari bultzada ematea, otsailaren 4an Gobernu Kontseiluak onartutako Irisgarritasun Unibertsalaren EAEko Estrategiaren bidez zabaldu egin baitira Lege horren helburuak. Dirulaguntzak hauexek sustatzeko izango dira:  1) jada existitzen diren hiri-ingurune, ingurune publiko, eraikin, garraio eta informazio-sistemak pixkanaka egokitzea bilatzen duten irisgarritasun-planak prestatu eta eguneratzea; 2) udalen zein udalaz peko erakundeen irisgarritasun-planetan aurreikusitako hiri-ingurunearen zein eraikinen irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-lanak exekutatzea eta, gizarte-helburuak dituzten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, hobekuntza-lanak exekutatzea; eta 3) udalen zein udalaz peko erakundeen planetan adierazitako hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen-ekipamendua erosi eta instalatzea.

Jardun horietara 6,3 milioi euro bideratuko dira guztira. Kopuru horretatik, 300.000 euro 2020 ekitaldirako dira, 3 milioi euro 2021erako, eta  gainerako 3 milioiak 2022. urterako. Diruz lagundutako jardunak 2020. urtean hasi behar dira, eta 2021eko azaroaren 15a baino lehen behar dute amaituta, planean kasuan; 2022ko urriaren 31n, berriz, hobekuntza-lanen kasuan.

Aurtengo deialdian, dirulaguntza eskatutako aurrekontuaren % 50 izango da gehienez, salbu eta irisgarritasun-planetarako eta haien eguneratzeetarako, % 75ekoa izango baita. Lanen barruan, lehentasuna izango dute igogailuak eta plataforma jasotzaileak instalatzeak (gehienez eskatutako aurrekontuaren % 75 diruz lagundu daiteke) eta degradatutzat edo birgaitze integratukotzat deklaratutako hiri-inguruneetan egiten diren interbentzioek (% 60). Edonola ere, udalerri edo erakunde bakoitzak jaso dezakeen gehienezko diru kopurua 300.000 euro da.

Eskaerak aurkezteko bitarteko elektronikoak erabiliko dira, eta horretarako epea hilabete izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Dirulaguntzei buruzko ebazpena epe hori amaitu eta gehienez sei hiletan emango da.   

 

Europako hamar herrialdetako 35 erakunde publiko eta pribatuk parte hartuko dute ICEBERG proiektuan, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak berrerabiltzeko proiektu berritzailea dena

0
0
  • Proiektuak lau urte iraungo du eta 15.667.498 euroko aurrekontua izango du. Diru horretatik 12.997.935 euro Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Esparru Programak ordainduko ditu. 
  • EAEko sei erakundek parte hartuko dute programa horretan: Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, TECNALIA Research & Innovation Fundazioak (partzuergoko koordinatzailea), GAIKER zentro teknologikoak eta Serikat, Lezama Demoliciones eta Viuda de Sainz enpresek. 
  • Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ohikoenak erabiliz gaitasun handiko materialak ekoizteko irtenbide berritzaileak ematea da helburua, ekonomia zirkularrean oinarrituta. 

 

Bilbon, 2020ko uztailaren 27an. Europako hamar herrialdetako 35 erakunde publiko eta pribatuk parte hartuko dute ICEBERG proiektuan (Innovative Circular Economy Based solutions demonstrating the Efficient recovery of valuable material Resources from the Generation of representative End-of-Life building materials). Proiektu hori Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Esparru Programak finantzatuko du (869336 kontratuaren arabera) eta helburu nagusia eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ohikoenak birziklatu eta berrerabiltzea da.

Berrerabiltzeko sistema eta teknologia berritzaileak diseinatu, garatu eta balidatzea da proiektuaren helburua, horiei esker balio handikomaterial berreskuratu fidagarriak ekoitzi ahal izateko (ezpurutasun baxukoak, % 8 baino gutxiago). Material hori industria mailan balidatzeko, sei ikerketa-kasu egingo dira Europako zenbait tokitan. Modu horretan honako material hauen berrerabilpena aztertuko da: hormigoia, egurra, igeltsua, apar isolatzaileak eta material superisolatzaileak. Eraikuntzako hondakinetatik birziklatutako materialen segurtasuna eta onargarritasuna hobetu nahi da era horretan. 

Izan ere, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketaren arloan azken bi hamarkadetan aurrerapen handiak egin diren arren, aurrerapausoak eman behar dira oraindik eraikuntzaren eta eraispenaren sektorean ekonomia zirkularra lortzeko. Hondakinek zabortegian amai dezaten eragoztea ez ezik, helburua ere bada balio erantsi handiagoko erabilerak balidatzea hondakin horietarako. Horretarako, hondakinen azpikorronteen gaikako sailkapena hobetu behar da obran bertan, bai eta ekipoak garatu ere, horiek automatikoki sailkatzeko, linean karakterizatzeko, arazteko eta balioesteko.  

Proiektuak lau urte iraungo du eta 15.667.498 euroko aurrekontua izango du. Diru horretatik 12.997.935 euro Europar Batasunak ordainduko ditu. Eraikuntzako eta eraispenetik datozen materialen trazabilitatea, identifikazioa, bereizketa, birziklapena eta berrerabilpena hobetzeko tresnak eta teknologiak garatuko dira proiektuaren lehen zatian. Proiektuaren bigarren zatian, berriz, sei ikerketa-kasutan, lortutako irtenbideak egiaztatzen saiatuko dira, eta ekonomian, ingurumenean zein langileen osasunean zer eragin duten aztertuko dute horretarako.

ICEBERG proiektuaren barruan 35 erakunde bildu dira: 14 enpresa handi, hamar ETE, bederatzi ikerketa-zentro eta unibertsitate, eta ingurumenaren arloko bi sozietate publiko. Horiek guztiek eskarmentu handia dute eraikuntza eta ingurumen sektorean (Alemania, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Italia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Turkia). Horrez gain,  EAEko sei erakundek ere hartuko dute parte proiektuan. 

TECNALIAk koordinatuko du proiektua, ibilbide luzea baitu Europako era horretako programak zuzentzen. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, berriz, proiektuaren komunikazio, zientzia-dibulgazio eta sentsibilizazio arloko jarduerak zuzenduko ditu. Eta horrez gain, material horien berrerabilpena ere sustatuko du administrazioko politikak eta tresnak garatuz.

Gaiker zentro teknologikoa eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki bereizi eta sailkatzeko unitate mugikorra garatzeaz arduratuko da. Azkenik, Demoliciones Lezama, Serikat eta Viuda de Sainz enpresek beren ezagutza emanez eta alderantzizko logistikari laguntzeko tresnak garatuz parte hartuko dute proiektuan. Horrez gain, irtenbide guztiak balidatuko dituzte tokiko azterketa-kasu batean (proiektuaren 6 ikerketa-kasuetatik bat Euskadin zuzenduko da).

Hala bada, ICEBERG proiektuak 2,3 milioi euro lortu ditu EAEko enpresetarako, eta beste milioi bat, Espainiako beste erakunde batzuetarako: Lenz Instruments enpresak Gaiker zentroarekin batera garatuko du eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bereizi eta sailkatzeko unitate mugikorra, eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC), berriz, Keraben enpresarekin batera, mikroehotze prozesu bat egokituko du, eta berreskuratutako materialez egindako zeramika-produktuak balidatuko ditu.

Honako enpresa hauek ere parte hartzen dute proiektuan:

  • Alemania: Epea eta Rampf Eco Solutions
  • Belgika: Colruyt, OVAM, Orbix Productions, Tracimat eta Vlaamse Instelling Voor Technologisch Onderzoek
  • Finlandia: Teknologian Titkimuskeskus VVT, Tiihonen Ismo eta Purkupiha
  • Frantzia: Keey Aerogel eta Soprema
  • Grezia: Megara Resins
  • Italia: Rina Consulting
  • Herbehereak: GBN, Technische Universiteit Delft, Universiteit Leiden, Volkerinfra eta C2CA Technology
  • Erresuma Batua: Enva, Loughbrorough University eta Saint Gobain Construction Products UK
  • Turkia: Bese, Cimsa, Hacettepe Universitesi eta Tepe Betopan.

Proiektuaren helburu nagusia irtenbide berriak, teknologikoak eta teknologikoak ez direnak, garatu eta martxan jartzea da, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetan dauden lehengaiak are gehiago berreskuratzeko, eta, horrez gain, ekonomia zirkularraren kontzeptuak sartzea eraikuntza sektoreko balio-katean: esate baterako, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik berreskuratutako materialak bigarren mailako lehengai gisa erabiltzea eraikuntza-sektoreko aplikazio berrietan. 

HELBURUAK 

Alderantzizko logistikari laguntzeko irtenbideak sortu eta ezarriko ditu proiektuak. Eraikuntzako materialak berreskuratu eta berrerabiltzea dakar alderantzizko logistikak. Besteak beste, aurreikusita dago eraispena laguntzen duen tresna bat garatzea. Tresna horri esker, eraitsi beharreko eraikinaren eredu birtual bat azkar eta behar besteko zehaztasunez sortuko da, eta egongo diren hondakinen mota eta kopuruaren gaineko estimazio fidagarria lortuko da horrela. Halaber, tresna horren bidez ezagutu ahal izango dugu eraisteko eta hondakinak kudeatzeko lanek ingurumenean eta ekonomian zer inpaktu dituzten. Gainera, plataforma digital bat eta autentifikazio-sistema bat ere ezarriko dira, haririk gabeko teknologian oinarrituta, materialen eta produktuen identifikazioa eta trazabilitatea hobetzearren.

Sailkatzeko eta birziklatzeko teknologiei dagokienez, ICEBERG proiektuak hondakin mistoen bereizketa automatikoa hobetu nahi du, eta bereizteko unitate mugikor bat diseinatu eta egingo du horretarako. Unitate horrek sentsore hiperespektralak erabiliko ditu, bai eta software machine-learninga, beso robotizatuak eta haize-pitak ere, hondakin mistoen bereizketa eraginkorragoa izan dadin.

Era berean, eraikuntzan erabiltzen diren oinarrizko materialei dagokienez, hobetu egingo dira birziklatu eta arazteko zenbait teknologia, material horien balio-erantsia handitzeko: lineako kalitate-kontrola; hormigoi-hondakinen karbonatazio eta arazketa; zeramika-hondakinen mikroehotzea; egur-hondakinen pirolisi azkarra eta lortutako zuntzen kalitatea ondoren hobetzea; erauspenetik edo iturri alternatiboetatik lortutako igeltsu birziklatuaren kalitatea hobetzea; poliuretano-aparren arazketa eta solbolisia, eta beira-hondakinen edo silize maila handiko hondakinen erreaktore hidrotermal bidez prozesatzea, aerogelak lortzeko.

Ondoren, zirkulazio maila altuko eraikuntzarako produktu berriak diseinatu eta fabrikatuko dira. Elementu iraunkorrak izango dira, erraz bereiztekoak, eta material berreskuratuen kantitate handia dutenak (% 30 eta 100 artean). Honako produktu hauek garatu nahi dira, besteak beste: ekozementuak eta ekohormigoiak, hormigoi ultraarinak, karbonatazio bidezko hormigoi-bloke aurrefabrikatuak, energia gutxiagorekin sortutako zeramika-produktuak (% 40 gutxiago), egur-zuntzezko panel isolatzaileak, isolamendu termiko handiko igeltsu-plakak (igeltsu birziklatua % 35 izango da gutxienez) eta poliuretano birziklatuz egindako panelak. Irtenbide horiek guztiak sei ikerketa-nodotan balidatuko dira Europako zenbait kokalekutan (horietako bat Euskadin).

Bazkide diren erakundeen aurreikuspenen arabera, ICEBERG proiektuaren bidez bultzatutako eraldaketek, epe ertainera, 1.758 milioi euroko irabaziak eta 6.265 lanpostu berri sortuko dituzte 2030. urterako.

Euskadiko Arkitektura Institutuak bere ateak zabaldu ditu berriro, arkitekturak gizartearen erronkei emandako erantzunei buruzko bi erakusketarekin

0
0
  • Mundu osoan zehar milaka pertsona etxetik lan egitera eraman dituen Covid-19aren testuinguruan, 'Europan15 Lasarte-Oria ' erakusketak etxebizitza produktiboen erronkaren aurrean proposamenak planteatzen ditu.
  • Euskadiko eta Nafarroako arkitekturak trantsizio ekologikoa edo biztanleriaren zahartzearen inguruan dagoeneko ematen ari diren erantzunak ' EHAEO Arkitektura Sariak 2019'-n  ikus daitezke.
  • Jose Angel Medina arkitekto legazpiarrak Javier Puldainen lekukoa hartu du EAI-IAEko zuzendari bezala.

Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI-IAE) bere erakusketa-programazioari ekin dio gaur. Arkitekturak eta hirigintzak  gaur egungo herritarren eta etorkizuneko gizartearen erronka nagusiei erantzuteko duten garrantzia azpimarratzen duten bi erakusketa berri eskainiko dira irailaren 27rarte. Erakusketa berriekin batera, EAIk zuzendaritza talde berria aurkeztu du, eta Javier Puldain Huarte zuzendariaren lekukoa Jose Angel Medina arkitektoak jaso du. Iaz martxan jarri zen Institutua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren lankidetzarekin,  eraikinaren jabea.

Erantzun irudimentsuak

Une honetan gizarteak etxebizitzen erabilerak birplanteatu egin ditu, koronabirusaren pandemiaren eta horren eraginez ezarritako telelanaren ondorioz. Gaur ireki den lehenengo erakusketa osasun larrialdia baino lehenago proiektatu zen baina "irudimenezko soluzioak" planteatzen ditu hiri-ingurune "egokiak sortzeko, hauek etxean edo bere ingurunean egiten den ekoizpen-jarduera sustatu eta errazteko” helburuarekin. 'Europan15 Lasarte-Oria' deitzen da erakusketa, eta Europako arkitektura, hirigintza eta paisaia profesionalen belaunaldi berriek planteatutako irtenbideak biltzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Lasarte-Oriako hegoaldeko landa-ingurunean alokairu sozialeko ehun bat "etxebizitza produktiboak" sortzeko erronkaren inguruan. Udalerri hau nagusiki industriala da: “bertan, bizilekua eta ekoizpena mugakideak dira, baina ez dira elkarrekin bizi", adierazten du euskal proposamenak.

 Europan nazioarteko lehiaketa bat da, 40 urte baino gutxiago dituzten Europako profesionalen ikusgaitasuna bultzatzeko. Bertan Frantzia, Austria, Holanda, Finlandia, Norvegia, Belgika eta Espainia bezalako herrialdeek parte hartzen dute, besteak beste. Administrazio publikoentzat –horien artean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritza, ekimen honen sustatzaileen artean dagoena eta EAI-IAE bultzatzen duena– aukera bada ere, haiek plazaratutako kokalekuen erronkei erantzun berritzaileak lortzen baitituzte. Nazioarteko deialdi honek 12.000 eta 6.000 euroko sariak biltzen ditu hamabosgarren edizio honetan, 'Hiri produktiboak: baliabideak, mugikortasuna, ekitate soziala' lelopean hiri  produktiboan trantsizio ekologikoa nolakoa izan beharko litzatekeen galdetuz. Europa osoan erronkak planteatu dituzten 47 kokalekuetatik, Euskadikoa izan da konponbiderako proposamen gehien jaso dituena, 43 guztira. Zortzi finalistena eta irabazlearena, EAI-IAEn bisitatu ahal izango dira, eta talde irabazleak –Alex Etxeberria buru duen tokiko talde bat– bere proposamena gauzatuko duen espazioari buruzko bideo bat ere zabalduko da erakusketan.

Irisgarritasuna, iraunkortasuna eta genero-hirigintza

Lasarte-Oria trantsizio-une batean dago gaur egun, erdiguneko hiri historikotik gertu dagoen industria-lurzoruaren zati bat berreskuratzeko eta, batez ere, etxebizitzetara berbideratzeko. "Beste ekoizpen-eredu bat ikertu behar da, baldintza berdinetan etxebizitzarekin bateragarria dena", adierazten du Jaurlaritzak sortutako erronkak. Europaneko parte-hartzaileei "irisgarritasuna, jasangarritasuna, mantentze lanen erraztasuna, puntu beltzen sorrera saihestea, erabilera segurua sustatzea eta genero-hirigintzako estrategiak ezartzea" duten irtenbideak eskatzen dizkie. Irabazleak proiektuaren enkargua jasoko du. Izan ere, Eusko Jaurlaritza Europan proiektuak garatzen eta eraikitzen dituen administrazio gutxienetarikoa da, 184 etxebizitza baititu Basaurin (1991eko Europan deialdia) eta 84 Bilboko Euskal Errotetan (2001eko deialdia). 

Bai erakusketa hau bai bigarren erakusketa asteartetik igandera egongo dira zabalik herritarrentzat (asteartetik ostiralera 17:30tik 20:30era eta larunbat eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era) irailaren 27ra arte. Javier Puldain Huarte, EAI-IAEko lehen zuzendaria, eta Mikel Larratxe, mmej arkitekturako kidea, komisariotzaren koordinazioa egin dute.

Euskadiko eta Nafarroako interbentzio arkitektoniko onenak

Bigarren erakusketa azken urteetan Euskadin eta Nafarroan eman diren arkitektura-ekoizpen hoberenak plazaratzen ditu, 1989tik aurrera Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) hiru urtean behin bultzatutako 'EHAEO Arkitektura Saria 2019' erakusketarekin. Sariek lan zehatzak nabarmentzen dituzte, baita profesionalen ibilbidea ere, betiere arkitekturaren "baliabideen erabilera optimoa eta irtenbide berritzaileen bilaketa" goraipatuz, eta diziplina horren izaera kulturala eta soziala indartuz.

Erakusketa 24 argazkiz osatuta dago, eta, besteak beste, energia berriztagarriak integratuz edo ekonomia zirkularreko irizpideak aplikatuz -etorkizunean elementuak beste proiektu batzuetan  berriz kokatu ahal izateko- trantsizio ekologikoaren erronkei irtenbideak ematen dizkieten lanak nabarmentzen dira. Badira soluziorik gabeko arazoak konpontzen lagun dezaketen planteamenduak ere, hala nola etxeko erabilera berriak. Izan ere, gaur egun, Covid-19aren bezalako egoerek, etxebizitzak beste ikuspuntu batetik birplanteatzera behartu gaituzte. Gauza bera gertatzen da biztanleriaren zahartzearekin, espazio malgu eta dinamikoak sortzen dituzten proiektuak daude, gaur egungo erabilerei erantzunak emanez eta aldi berean pertsonen bizitzaren faseak kontutan hartuta etorkizunera begiratuz. Berdin gertatzen da hezkuntza-zentroekin, modelo desberdinen garapenera irekita dauden eraikinen proposamenekin.

Gehienak Euskadin eta Nafarroan egindako interbentzioak dira, baina, lanen artean, Euskadiko eta Nafarroako profesionalen proiektuak beste herrialde batzuetan saritzen hasi dira, hala nola Senegalgo Bambey Unibertsitateko ikasgela-eraikin bat, aire-korronteei esker tenperatura 10 edo 15 gradu jaistea ahalbidetzen duena. Erakusketak denetarik aurkezten du: jatetxe baten eraberritzea, Bilboko Athleticen museoa, kirol pabiloi bihurtutako industria-nabe bat -gaur egun saskiei eusteko garabiak erabiltzen dira-, etab. Euskal Herriko eta Nafarroako arkitekturaren proposamenik onenekin batera, proiektuei buruzko ikus-entzunezko batek osatzen du erakusketa. 

Koronabirus berriaren aurkako protokoloa

Bi erakusketak EAIren instalazioetan izango dira ikusgai, Donostiako Alde Zaharrean, Gaztelubide elkarte gastronomikoaren eta Santa Teresa komentuaren artean, gazteluaren igoeran. EAI-IAEk aforo egokituak izango ditu, bai eta seinale berriak eta Covid-19aren ondorioz behar den higienea mantentzeko neurriak ere. Bisitariek maskarak erabili beharko dituzte.

Talde berria EAIn

Talde berria K6 Gestión Culturalen lidergoarekin hasiko da lanean, arkitektura herritarrei hurbiltzen jarraitzeko helburuarekin. José Ángel Medina arkitekto legazpiarra izango da zuzendaria. Medina Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako zuzendaria izan da eta bere Arkitektura Masterreko arduraduna da ere. Gainera, artikulu eta ikerketa askoren egilea da eta Medina&Murua Arkitekturaren burua. Talde berria Gabineteseis eta Martin Echeverria arkitektoarekin osatzen da.

Haurtzaroa, arkitekturaren protagonista

Uztailean zehar, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak izan dira EAI-IAEren lehenengo bisitariak. Maushausek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin lankidetzan, egindako udako jardueretan parte hartu dute. Udalekuak uztailaren 17an amaitu dira, eta ikuspegi arkitektonikoa belaunaldi berriei gerturatzera bideratu dira, esperimentazioaren eta jolasen bidez.  

 

Zaldibareko zabortegi lanen zuzendaritza batzordea bilera

0
0

Gaur goizean, Iñaki Arriola Sailburuaren zuzendaritzarekin, Zaldibareko zabortegi lanen zuzendaritza batzordea bileratu da.

Alberto Sololuzen gorpuaren bilaketa ondoren, lan taldeek jarraituko dituzte Joaquin Beltranen bilaketa lanetan. Bilaketa plataforma honetan, detaile haundiekin 2.500 m3 aztertuko dira, hurrengo 15 egunetan, 1.5 metroko batazbesteko sakonera mugituz.

Emaitza positiboa ez baliteke, planifikatu da nola jarraitu bai bilaketa lanekin eta baita ere zaboren egonkortasun lanekin.


Ingurumen Sailak aholkularitza-etxe britainiar bati Zaldibarreko zabortegiaren inguruan eskatutako kanpo-auditoretza bidali dio Legebiltzarrari

0
0
  • Ricardo Energy & Environment enpresaren txostenak ondorioztatzen du Verter Recycling 2002 SLri ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak eta Ingurumen Administrazioak baldintza horiek betetzen direla ziurtatzeko eginiko kontrola Europako zuzentarauen eskakizunetara egokitzen zirela

Ingurumen Sailak, gaur, Eusko Legebiltzarrari kanpo-auditoretzaren edukia bidali dio; Verter Recycling 2002 SL enpresak Zaldibarren (Bizkaia) daraman industria-hondakin ez-arriskutsuen zabortegiari buruzko kanpo-auditoretza eskatu zuen pasa den apirilean, aintzat hartuta zabortegiak otsailaren 6an irristatze garrantzitsua izan zuela eta, ondorioz, pertsona bi hil zirela eta ingurumen-inpaktu larriak eragin zirela.

Ricardo Energy & Environment aholkularitza-etxe britainiar prestigiotsuaren txostenak honako hau ondorioztatzen du: ingurumen-baimen integratuan zabortegiaren funtzionamendurako ezarritako baldintzak eta Ingurumen Sailak haien inguruan egiten dituen segimendua eta kontrola instalazio horiek arautzen dituzten Europako zuzentarauetara eta gainerako araudi aplikagarrira egokitu ziren.

Legebiltzarrari auditoretza bidali zaio –asteon jaso da–; izan ere, Iñaki Arriola jarduneko Ingurumeneko sailburuak konpromisoa hartu zuen kolapsatutako instalazio pribatuaren kontrol publikoan gardentasun osoa eskaintzeko eta Zaldibarko zabortegiaren irristatzearen kausak argitzen aktiboki elkarlanean jarduteko. Txostena Durangoko Epaitegiari ere bidaliko zaio, hura ari baita kasua ikertzen, bai eta Ertzaintzari ere, Sailaren esku dagoen dokumentazio esanguratsu guztiarekin egin den bezala, eta Virginijus Sinkevičius Europako Batzordeko Ingurumeneko komisarioari.

Bi helburu

Auditoretza Administraziotik kanpoko instantzia bati eskatzeko bi helburu izan dira gogoan. Batetik, 2007an Verter Recycling-i emandako ingurumen-baimen integratuaren baldintzak eta ondoko aldaketak hondakinei, zabortegiei eta industria-isuriei buruzko Europako zuzentarauetan eta haiek garatzen dituzten Estatuko eta Euskadiko araudian jaso diren eskakizunetara egokitzen ote ziren zehaztea. Eta, bestetik, Ingurumen Sailak baldintza horiek ikuskatzeko eta kontrolatzeko eginiko lana legeriak ezartzen duenaren arabera egin ote zen aztertzea.

Txostena egiteko –50 orrialde ditu– Ricardo Energy & Environment-ek 2007ko ekainean Verter Recycling-i emandako ingurumen-baimen integratuaren edukia aztertu du, bai eta zabortegiaren jarduerarekin hasteko baimena eman zuen 2011ko martxoko ebazpena eta jatorrizko ingurumen-baimen integratuaren zenbait alderdi aldatu zituzten 2013ko iraileko eta 2016ko azaroko ebazpenak ere. Era berean, aholkularitza-etxeko auditoreek Sailaren esku egon den dokumentazio guztia izan dute eskura. Funtsean:

  •  
  • Ingurumen-baimen integratuaren espediente osoko dokumentuen sumario historikoa, instalazioaren baldintzak ezartzen edo aldatzen dituzten ebazpenak barne.
  • 2019-2026ko eta 2011-2018ko ingurumen-ikuskaritzako planak. 2019ko Ingurumeneko Ikuskaritzako eta Kontroleko Programa, eta aurreko urteetako programak.
  • Urteko ikuskaritza-memoriak.
  • IPPC jardueren ikuskaritza-txostenak (ez bakarrik Verter Recycling-ekin zerikusia dutenak).
  • Ingurumen-arriskuen ebaluazio sistematikorako prozedura orokorra IRAM (Integrated Risk Assessment Method) metodoaren bidez.
  • Ingurumen Sailaren ikuskaritzako eskuliburua.
  • IPPC ikuskaritzen segimendu-txostena.

Txostenak zabortegiaren eta haren instalazioen bilakaera kronologikoa berrikusten du, 2004an ingurumen-baimen integratua eskatu zuenetik, eta, jarraian, aplikagarri duen legeria guztia batzen du. Nabarmentzekoak dira Hondakinei buruzko Europako Zuzentaraua (2008/98/EC), Zabortegiei buruzkoa (1999/31/EC) eta Industria Isuriei buruzkoa (2010/75/EU), bai eta Estatu eta Euskadi mailan garatzen dituzten arauak ere.

Verter Recycling-i emandako ingurumen-baimenaren analisia dela eta, ezarritako baldintzak aplikagarria den legeria-esparruarekin erkatu ondoren, auditoretzak ondorioztatzen du Zaldibarko zabortegiaren ingurumen-baimen integratuak lege-eskakizun guztiak betetzen dituela. Ñabardura txiki bat baino ez da egin behar, baimenak “energiaren erabilera eraginkorrerako” eskakizunak ezarri behar zituela, bai eta airera hautsik ez isurtzeko “kutsatzaileen emisio difuso”etarako muga zehatzagoak ere.

Bigarren alderdia dela eta, alegia Ingurumen Sailak zabortegiko jardueren inguruko kontrol egokiak egin ote dituen legeriak eta ingurumen-baimen integratuak ezartzen duenaren arabera, aholkularitza-etxe britainiarreko auditoreek egiaztatu dute ingurumen-administrazioak instalazioaren kontrol eraginkorra egin duela.

Adostasun eza identifikatu da, zeina aholkularitza-etxeak txikitzat kalifikatu baitu, instalazioaren ikuskaritzan eta kontrolean; Ikuskaritza eta Kontrol Planak ez du Planaren eraginpean dauden enpresak zehazten duen erregistrorik. Hala ere nabarmentzen da gaiak ez duela ondoriorik Zaldibarko zabortegiaren inguruan eginiko segimendutako eta kontrolerako.

Nahiz eta Zaldibarko zabortegiari zazpi ikuskaritza egin zaizkion –lau segimendurako eta hiru orokorrak– abian daramatzan bederatzi urteetan, auditoretzaren enpresak kapitulu horretan hobetzeko iradokizunen bat egiten du. Esaterako, ikuskaritzen maiztasuna malgutasun handiagoz ezartzea Zaldibarko zabortegia bezalako instalazioetan, eta ez ezartzea 1, 2 edo 3 urteko epeak, arriskuaren balorazioaren arabera, eta, hala, ikuskaritza-maiztasuna areagotzea; plan aplikagarri guztietan arau-hauste larriak antzemanez gero hurrengo sei hilen barruan egiaztapenerako bisita gehigarria egiteko betebeharra zehaztea, dagoeneko Sailaren IPPC jardueren ikuskaritza programaturako prozeduran jaso denez.

Ohar horien ondoren, Ricardo Energy & Environment-ek ondorioztatzen du egindako ikuskaritzak egoki egituratuta daudela eta zehatzak direla, eta Ingurumen Administrazioak segimendu egokia egin zuela zabortegiaren erakunde operadorearekin identifikatutako arau-hausteen inguruan. Egiaztatzen du, halaber, Verter Recycling-en funtzionamendua ingurumen-baimen integratuaren baldintzen aurrean 2019an okertu zirela, iazko ekainean eginiko ikuskaritzan ikusi zenez.

Oro har, auditoretzaren enpresak ondorioztatu du Ingurumen Sailak bete egin zituela Zabortegiei buruzko eta Industria Isuriei buruzko Europako zuzentarauek ezartzen dituzten zabortegien kontrol-eskakizunak.

 

 

Urdaibai Biosfera Erreserba, Euskadiko lehen gune babestua turismo-helmuga jasangarri gisa egiaztatzen

0
0

Urdaibai Biosfera Erreserba izango da Euskadiko lehenengo gune babestua turismo-helmuga jasangarri gisa egiaztatzen denean. Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari (TJEG) atxikitzeko prozesua 2019ko otsailean hasi zen, eta irailaren 9an eta 10ean auditoretza-talde independente baten bisitarekin amaituko da. Ikuskaritza gainditu ondoren, Urdaibai Biosfera Erreserbak atxikitzearen lehen faseari amaiera emango dio; horrela, Euskadiko helmuga bakarra dela egiaztatuko da, turismo jasangarriaren arloko Europako aintzatespena izango duena, eta aipatu den Gutunari atxikitzen zaion Erreserba bakarra dela.

“Akreditazio hori ekoturismoaren arloko abiaburuetan oinarriturik dagoen turismoa garatzeko ibilbide-orria da, ingurumena, gizartea eta ekonomia errespetatzean oinarritua. Gainera, aukera emango du helburu hori nazioartean ezagutarazteko eta, hartara, haren kontserbazioaren eta lurraldearen garapen iraunkorraren arteko orekaren alde egiteko. Hala, eskualde hori Euskadin erreferentziazkoa den kalitateko turismo-leku arduratsu eta seguru gisa bultzatzeko aukera emango du”, adierazi du Nicolas García Borreguero zuzendariak.

Urdaibai TJEGra atxikitzeko ekimenak Urdaibai Erreserbaren kudeaketaren alorrean eskumena duten administrazioen inplikazioa izan du, bai eta Busturialdeko eskualdeko turismo-enpresarien lankidetza ere. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak gidatutako parte-hartze prozesua da. Gainera, Bermeoko, Mundakako eta Gernikako turismo-bulegoen, Basquetour Euskadiko Turismoaren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta TOURDAIBAI Urdaibaiko Turismo Jasangarrirako Elkartearen lankidetza aktiboa ere izan da, bai eta gizarte zibilaren parte-hartzea ere, Foro Iraunkorraren bidez.

TJEG hiru fasetan egituraturik dago, eta lehenengoaren hasieran abiarazi zuen Urdaibai Biosfera Erreserbak hautagaitzaren dosierra egiteko partaidetza-prozesua. Dosier hori honako hauek osatzen dute: turismoak arloan duen egoeraren diagnostiko batek, turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatzeko helburuak dituen estrategia batek eta datozen 5 urteetan garatzeko ekintza-plan batek. Dokumentuak egiteko, Urdaibai Biosfera Erreserbak hiru laguntza-talde izan zituen: Turismo Jasangarriaren Foro Iraunkorra, Gutunaren Lantaldea eta Mahai Teknikoa.

Foro iraunkorra partaidetza- eta eztabaida-organo bat da, eta turismo-sektoreari loturik dauden eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egitea ahalbidetzen du. Foro hori funtsezkoa da ekintza-plana behar bezala ezartzen dela bermatzeko, bai eta lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lan egiteko ere, jasangarritasuneranzko partaidetza-irizpideak oinarri hartuz. Bestalde, lantalde murritzagoa eta operatiboagoa da lantaldea, lurraldeko turismoko eragile nagusiek osatua, halako moldez non eragile horiek atxikipenerako eskatzen diren dokumentuak egiteaz arduratzen baitira. Azkenik, Mahai Teknikoa arduratzen da prozesu osoan aholkularitza teknikoa emateaz.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

TJEG ekimenak turismoaren garapena sustatzea du helburu, jasangarritasunaren ikuspegitik. TJEG borondatezko metodo eta konpromisoa da turismo jasangarriaren abiaburuak aplikatzeko, eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei estrategiak elkarrekin parte hartuz definitzeko orientazioa ematen die.

Gaur egun, TJEGi atxikitako 168 gune daude, 20 herrialdetan banatuak. Akreditazio horrek onura hauek dakartza, besteak beste: Europan, turismo jasangarriaren arloan bikaintasun-lurraldea izatea; garapen sozioekonomiko orekatua bultzatzea; eta kalitatezko produktu turistikoak garatzea, ingurunearekiko benetakoak eta koherenteak diren produktuak alegia.

Urdaibai, Euskadiko Biosfera Erreserba

Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuen UNESCOk 1984an, Eusko Jaurlaritzak proposatuta, bertako ingurumen-balio handia mantentzeko eta erreferentziazko jasangarritasunerako lurralde bilakarazteko, gizarte-mugimendu handi baten ondorik. Oka ibaia eta hango padurak dira Erreserbaren erdigune nagusi, eta ingurumen-balio handiko paisaia osatzen dute. 22.000 hektareako lurralde hori Matxitxakotik Arboliz puntara doa, eta Oizen du hegoaldeko muga. Gutxi gorabehera 45.000 pertsona bizi dira bertan, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natura-ondareaz oparo beteriko 22 udalerritan banatuta.